ANALISIA. Lege berriekin zer?

Eneritz Zabaleta.
2009ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Europako errugbiaren erradiografia da Sei Nazioen Torneoa. Zein selekziok agintzen duen ikusteko garaia da, bai eta, hego hemisferioko errugbiarekin konparatuz, Europako teknikalariek plantan ezartzen duten joko filosofia(k) gozatzekoa ere. Bakoitzaren kalitatea neurtu, eta hego ala ipar konparatzeko lehiaketa da. Baina aurtengoak beste datu bat erantsiko dio. Izan ere, sasoi hasieratik, lege berriak daude Europako errugbian.

Lehen nazioarteko txapelketa izanen da ipar hemisferioko selekzioen jokoan lege berriek izan duten eragina neurtzeko. Lege horien helburua da jokoari erritmo gehiago ematea, 22 metroetatik zuzenean botatako ostikadak mugatuz, edo aitzinekoen borrokaren sinboloa zen maul edo dortoken eragina murriztuz.

Orain arte kluben arteko partidetan ikusi denaren arabera, zango jokoa garrantzi estrategiko handiagoa hartzen ari da. Kontua, orain, ez da baloia zelaitik at botatzea, baizik eta zelaian uztea, eta aurkariari kontraerasoa egiteko baldintza txarrenetan kokatzea.

Aitzinean ere, borrokagune bat anitz mugatu da, eta dortokak lurperatzea baimendu. Ondorioz, uztartze irekiek garrantzia handiagoa dute, hara eraman baita aitzinekoen borroka (uztartzeekin batera). Horrez gain, defentsak eremu txikian mugatzea zailagoa da, eta hirugarren lerroek gibelekoen jokoa errazago oztopa dezakete. Azken datu horrek gauzak alda ditzake, jakinez Ingalaterra edo Frantzia dortoketan oinarritzen direla. Alderantziz, defentsalari kozkorrak dituen Irlandak min gehiago egin dezake, David Wallacen gisako jokalari batekin.

Horrez gain, eskasak oraindik garrantzi handiagoa izanen du. Baloiak jokatzeko «jalgitze pista» garrantzitsuenak dira. Ondorioz, hirugarren eta bigarren lerro orekatuak izatea gero eta garrantzitsuagoa da, uztartzeetan indarra egiteko gai diren «idien» ondoan, aireetan erraz ibiltzen diren jokalari handi eta teknikoek zeresan handiagoa dute jokatzeko. Horrela, Hariñordoki garaztarra garrantzitsua izango da Frantzian. Eskasaren ezagutzak, eta airean duen abileziak 8. postua eman dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.