Enpresen Ligak aukera bikaina galdu du enegarren aldiz arautegia urratu eta azken unean partida bat egunez aldatzeko. Inprobisazioa ohiko bihurtu da azken urteetan ustez elitekoa den pilota profesionalean, pilotariak eta pilotazaleak ernegatzeraino. Eta justu logikak, zentzuak, Barriolaren kirol merituek eta aurkariek iritzia aldatzea eskatzen zuten egunean, ez dira ausartu.
Enpresak dio atzerapenak ez duela Barriola sendatzerik ziurtatzen; egia da, baina berdin ordezka daiteke hurrengo astean. Finalerako sarrera erosi dutenentzako «kalte handia» dela, final bat txartelak salduta daudenean atzeratzen den lehen aldia balitz bezala. Pazko igandearen beldur dira, normala da, iazko finala halako egunez jokatu etaez zelako Ogeta bete. Baina zenbat balio dute kirolariaren eskubideek? Sailkatze ligaxkako azken-aurreko jardunaldian hiru aldiz aldatu zituzten partidak egunez zein tokiz, eta orduan ez ziren pilota zaleekin oroitu.
Azkenik, manomanista atzeratuko lukeela diote. Eurek nahi bezala diseinaturiko txapelketa bat denean, eta, nahi izanez gero, arazorik gabe binakako finalaren asteburuan jokatzen has daitekeena, jaialdi batzuk honezkero salduta izan arren. Borondate kontua dela dirudi, edo egutegi eta konpromiso ekonomikoak lehenestearena. Barriola finaletik kanpo gelditu bada, ez da bakarrik lesioarengatik.
Iritzia
Behin urratu beharko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu