Leipzig talde indartsua dela zalantzarik ez da. Historia eta ibilbide luzeko taldea da, eta esperientzia handikoa. Egitura sendoa du, gainera. Eta sekulako pabiloia. 5.000 lagun erakartzen ditu partidetara. Hemen ez gaude horretara ohituta. Eta, hasiera batean, halako pabiloi batean aritzeak zirrara sortzen dizu. Hori gertatu zitzaigun guri 2004-2005eko denboraldian. EHF Kopako final-zortzirenetan aritu ginen Leipzigen kontra. Etxean, 37-35 irabazi, baina, Alemanian, 33-26 galdu genuen. Hamabost minutu inguru behar izan genituen hasierako zirrara hori gainditu, eta partidan sartzeko.
Itxakori berdin gertatzen ahal zaio, baina kontuan hartu behar da Itxako ere jende anitz erakartzen ari dela azken bi sasoietan bere pabiloira, joko ona erakutsi duela, eta, EHF Kopan, bigarren finala duela aurtengoa, jarraian. Ez da gauza bera finalean aurrenekoz edo bigarrenez aritzea. Bigarren aldian partidaren ingurukoek askoz ere eragin gutxiago dute. Askoz ere gutxiago sartzen dira kanpoko kontuak taldean.
Itxako sekulako denboraldia egiten ari da. Bere historiako onena. Nik uste dut ABF ligako txapelak ez diola ihes egingo, eta EHF Kopako finalean ere nagusitzeko aukerak badituela. Faborito argirik ez dut ikusten, hala ere. Egia da Leipzig Europan tradizio handiagoko taldea dela, baina ez dugu ahaztu behar bi urteotan Itxako egon dela Europan goiko aldean. Iaz, finala jokatu zuen, eta Leipzigek ez.
Abiadura handiko taldea da Leipzig, eta defentsa sendoa du. Nazioarteko eskubaloian izen handiko jokalariak ditu. Baina Itxakok ere bai. Begoña Fernandez zazpiko oneneko jokalari izendatu zuten azken Europako Txapelketan. Argi dago Itxakok finalean egoteko merituak egin dituela. Lehen partida etxean jokatzeak, eta, bigarrena, berriz, Alemanian, nafarren aurkariari egiten dio mesede, han erabakiko baita finala. Eta finala gogorra izanen dela zalantzarik ez da, lehia bizikoa.
ESKUBALOIA. Faborito argirik ez da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu