Abuztua ematen zuen. Hori da beroa, hori! Tourrean geundela ematen zuen. Baina, tira, euria egiten duenean ere kexatu egiten gara, eta eguraldi ona daukagunean, ez gara kexatzen hasiko. Atzo ez nuen lekurik izan Samuel Sanchezen estrategiaren inguruko kontuak aipatzeko, baina gaurko ere balio dute. Argiena bera izaten ari dela uste dut. Indarrik ez du alferrik gastatu, eta Arraten ere behin bakarrik jarri da aurrean, etapa irabazteko orduan.
Arrate aipatuta, nire ustez, etapa honek urtero egon beharko luke Euskal Herriko Itzulian. Eibartarrek lasterketa bat galdu zuten Euskal Bizikleta kenduta, baina Arrateko maldetan ez dute hutsik egiten. Urtean egun bat daukate eurentzat gordeta, eta berdin dio Aste Santua izan, asteguna izan edo euria egin. Arrateko maldak beti egoten dira jendez lepo, eta txirrindulariok gogotik eskertzen dugu babes hori.
Etapari dagokionez, espero zena gertatu da. Ihesaldia oso luzea izan da, baina denok genekien ez zela iritsiko helmugara. Gauza gehiegi zeuden jokoan, eta beste hamar minutu hartuta ere, harrapatuko genituen.
Lehen esan dizuedan bezala, bero handia egin du egun guztian, eta jende asko zihoan sufrimendu aurpegiarekin. Karabietan gora uste dut denok sufritu dugula izugarri. Erritmoa oso bizia izan da, baina inork ez zuen atzean geratu nahi, Karabietan atzean geratzeak Arratera kontrolez kanpo iristea esan nahi zuelako. Gure kasuan, Ixuan eta Karabietan bertan Gesinkek behin eta berriz esan digu oso gaizki zihoala eta berataz ahazteko. Berehala joan naiz harengana, eta argi esan diot eusteko, denok gindoazela antzera, eta barruan zeukan guztia eman beharra zeukala. Ixuan, pare bat begirada bota dit, eta hitz egin gabe ere, oso gaizki zihoala ulertu diot.
San Migelen gora berriz ere harengana joan naiz, eta pixka bat hobeto zihoala aitortu dit. Azken igoerarako, berriz, aurrean jarri da, eta horri esker eutsi dio Leoparden erritmo itoari. Azkenean, ez da alderik izan faboritoen artean, eta erlojupekoa bakarrik geratzen zaie. Hona podiumerako nire apustua: Kloeden, Samuel Sanchez eta Gesink.
Euskal Herriko Itzulia. Laugarren etaparen kronika. Guadalupetik
Hona nire apustua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu