Aitor Manterola Garate.
Aulkitik begira

Koloreak

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Beltza. Beltzez jokatu zuen Athleticek Granadan. Eta irabazi. Beltz ikusten dute etorkizuna Realean eta Osasunan. Ikatz beltz-beltza jasotzeko arriskuan dira Montanier eta Mendilibar, zuzendaritzen kortesiaz; eta kazetari batzuen opari; eta beren gainetik daudenen borondatez; eta beren ardurapean dauden batzuen lan eskasagatik.



Ortzadarra. Kolore sorta, bizia eta polita. Euriaren eta eguzkiaren tartetik atera ohi da. Euria ari zuen Athleticen inguruan azkenaldian. Atertu gabe. Filtrazio zaparradak denak busti zituen. Alde egiteko borondatez eta gogoz zegoen eta dagoen jokalariena zirimiri amaigabea bilakatu da. Blai denak. Euri amaigabea bilakatzeko traza zeukaten azkenaldiko emaitza txarrek. Ezin atertu. Partida joan eta partida etorri, mundu guztia busti-busti eginda. Baina atera da eguzkia. Halako batean, eta Granadan. Ezkutatzen denean egundoko ikusle mordoa biltzen duen hiri horretan. Hantxe argitu da Athletic. Ez dio utzi ezkutatzen, eta Bilbora ekarri du. Euriarekin joan eta eguzkiarekin etorri, ortzadarraren koloreek bizitu eta aberastu dute zuri-gorrien paisaia. Gorri, zuri, berde, hori, more... San Mamesko arkuaren gainean jartzeko moduan ekarri dute. .



Arrosa. Entrenatzaileen inguruko kalapitek eta zurrumurruek beltzarena ez ezik, arrosaren kolorea ere hartzen dute. Montanier bota egingo dute Malagan galtzen badu Realak datorren astelehenean; ez dute botako, beste aukera bat emango dio klubak; ordezkoa hau izango da; ez, besteari deitu dio klubak; Mendilibar ez dute nahi zuzendaritzako hainbatek; babes osoa du zuzendaritzarena, gezurra da ez duela babesik; eta horrelako kontuak eta esanak egunero, bata bestearen atzetik. Telebista katea eta txutxumutxuen saio berezia sortzea baino ez da falta izaten.

Zuria (I). Beltzaren azpian, erdian edo nonbait zuria egongo da. Eta Realaren eta Osasunaren belztasunei esker, zuritasuna azaldu da. Agerian geratzen ari dira ezkutatu edo argi azaldu nahi izan ez diren hainbat gauza. Realean, esaterako, lurraldean sekulako indarra duen egunkariak saldu zuen udan talde ederra dela aurtengoa. Kalitatea. To hitz magikoa. Denak kalitatearen kontuarekin geratu ziren. Orain, agerian geratzen ari da ez zela hainbesterako. Gainera, kalitatearena gezur handia da, oinarri sendorik gabea, arlo teknikoa eta erasokoa bakarrik hartzen delako kontuan kalitateduna esateko jokalariari. Gol polita sartzen duen jokalariak kalitatea dauka, baina zer kalitate mota? Jokaldi bikaina eta ikusgarria egiten duenari kalitateduna esaten zaio, baina zertan gauzatzen du kalitate hori? Eta kalitate taktikoa? Eta psikologikoa? Eta fisikoa? Eta defentsako kalitatea? Horiek eta beste asko ere kontuan hartu behar dira jokalarien ezaugarriak zehazterakoan, baina ez dira hartzen. Futbolaren berezitasun eta arlo denei erreparatu gabe banatzen dira kalitatearen labelak. Orain, hartu Realeko jokalariak banaka, eta hasi aztertzen zertan duten kalitatea. Egunkari horrek egindakoaren aldean, baietz beste ondorio batzuk atera.

Zuria (eta II). Osasunan, begi bistakoa da gaur-gaurkoz taldea justu antzekoa dela. Joan zirenak baino okerrago dabiltza etorritakoak. Baina bakarrik etorri al dira trena, autoa edo hegazkina hartuta? Joan zen denboraldiko emaitzen interpretazio okerra dago hainbat erabakiren atzean. Hala ematen du, behintzat. Taldea eskastu egin da, edo taldea eskastu dute. Mailari eusteko nahikoa izango zela usteko zuen norbaitek, baina orain, bistan da ezetz. Atzean joanda, aitzakiak jartzeko tentazioa gauzatzen da, baina hobe gauzak garbi esatea. Zuri, zuritasunik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.