Non da Ingalaterra?

Eneritz Zabaleta.
2010eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ingalaterra eta Frantzia. Azken bi hamarkadetan Europako errugbia bi selekzio horietara mugatzen zen. Sei Nazioen Torneoko finala Frantziaren eta Ingalaterraren artekoa zen urtero. Baina azken urteetan gauzak aldatzen ari dira. Azken urteetako irabazleen zerrendari begiratzea aski da. Iaz Irlanda nagusitu zen. 2008an eta 2005ean Gales.

Frantzia 2006an eta 2007an nagusitu zen, 2003 arte joan behar da Ingalaterraren izena topatzeko. Arrosaren hamabostekoa ez da lehengoa, eta arantzak zorroztu ezinik dabil. Pixkanaka, Ingalaterrako errugbia maldan behera doa. Selekzioak ez du deus lortu 2007ko finala jokatu zuenetik. Orduan ere ezustekoa izan zen hain urrun iristea, Brian Ashtonek hartu baitzuen selekzioa, Munduko Koparen bezperetan.

Ingelesei kostatzen ari zaie 2003ko Munduko Kopako titulua barneratzea. Sei Nazioen Torneoan ez dute deus irabazi, eta hego hemisferioaren aurka ere galtzaile izan ohi dira. Ingalaterrak ez dauka gehiago lehengo distirarik. Aitzinean, bere izen ona egin duen indarra ments du. Lehen lerroan belaunaldi berri bat entseatuko du Martin Johnsonek. Bigarren lerroan Borthwick kapitainak ez du itxura onik eman. Gibelean, berriz, Armitage, Monye eta Tait berriek beren lekua egin behar dute oraindik. Johnsonen kezka agerian dago, jatorriz Zeelanda Berrikoak edo Tonga uhartekoak direnak deitu baititu: Flutey eta Vainikolo.

Selekzioaren ezina Ingalaterrako ahulezien erakusle da. Aurtengo Heineken kopako final-laurdenetara Northampton bakarrik sartu da, eta Top14ko lau talde eta Irlandako bi sartu dira. Kluben artean Top14ak gaina hartu dio. Finantza aldetik indartsu dabil Top14a, eta ez dira guti Frantziara jokatzera joandako ingelesak: Thompson, Erinle, Flutey, Goode, Haskell, Palmer...

Nazioartean, berriz, Galesek eta Irlandak selekzioen alde (eta kluben kalterako) egindako apustuak abantaila eman die. Egoera txarrean dago Ingalaterra, baina tradizio handiko taldea da. Urte askoan Europako talde onena izan da, eta berriz irartzartzea ere ez litzateke harritzekoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.