Ni, egia esan, harrituta geratu nintzen. Atzoko etapa herenegungoa bukatu zen toki beretik abiatu zen; San Martino di Castrozzatik. 1.400 metro pasatxora dago, eta guk haren oinean lo egin genuen. Beraz, irteerara autobusean joan ginen. Hamabost bat kilometro aldapa gora. Eta igotzen ari ginela, han ikusi genituen Gilberto Simoniren taldekideak mendatea bizikletan igotzen! A zer-nolako beroketa saioa egin zuten! Simoni ez genuen ikusi... Gu beldurtuta geratu ginen. Izan ere, etapa hasieran, aurreneko bederatzi kilometroetan, gorantz egin genuen, eta Passo Rollera igo; ia 2.000 metrora. Hortaz, Diquigiovannikoak ikusita, etapa hasiera ziztu bizian egingo genuela pentsatzen hasi ginen. Eta hala izan da, neurri batean behintzat. Dena den, beroketa saio horiek ez dira egiten normalean.
Etapa hasiera etxetik gertu tokatzen baldin bazaizu, edo hotela bizpahiru kilometrora baldin badaukazu, ba bai, bizikletan joaten zara. Baina bestela, berotzeko, etapa guztietako irteera neutralizatuak dauzkagu. Bost bat kilometro izaten dira. Nahikoa, nire ustez.
Baina etapa hasierak aldapa gora izaten direnean, jendea urduri egoten da. Begira, niri atzo gutxi falta izan zitzaidan eguneko ihesaldian sartzeko. Passo Rollean 100 metrora neuzkan, baina haizeak gogor jotzen zuen, eta ezin izan nuen bat egin. Amorrua sentitu nuen, eta egun osorako berotua hartu. Beno, gero, ihesaldiak ezer gutxirako balio izan zuela ikusita, pentsatzen duzu ondo egin duzula aurrean ez sartzen, baina taldeak telebistan agertu nahi du, muturrean ibili, eta, hortaz, normala da. Alvaro Pino zuzendariak ihesaldian sartzeko esan zigun atzo, eta gutxigatik... Aukera asko ez ditugu edukiko...
Eta gaurko etaparen hasiera bizia, ezin biziagoa izango da. A zer-nolako guda egongo den tropelean ihesaldian sartzeko... Ziurrenik txirrindulari asko sartuko dira, eta, okerrik ezean, helmugara helduko dira.
TXIRRINDULARITZA. A zer-nolako beroketa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu