Etapan gertatu zenak edo beste kontuek garrantziguztia galtzen dute kide batek eroriko larria izan duela esaten dizutenean. Bai, atzo, beste egun askotan bezala, azkar, ziztu bizian, ibili ginen, baina helmugara iritsi eta Alvaro Pino zuzendariak esan zigunean Pedro Horrillok eroriko larria izan zuela... Gainera, nork eta Horrillok. Beste txirridulari bati gertatu izan balitzaio ere jota geratuko nintzatekeen, baina Horrillori... Ez dakit, ia egunero hitz egin dut apur bat berarekin, eta gustura zegoela esaten zidan. Begira... Txirrindulari oso maitatua eta estimatua da tropelean.
Horren erorikoa Koldo Fernandez de Larreak 2006ko Giroan izan zuenaren antzekoa izan zela uste dut. Koldoren taldekidea nintzen ni orduan, eta galanta hartu zuen hark ere. Nik, zorionez, ez dut sekula eroriko larririk eduki. Orain dela bi urte, Gante -Wevelgem klasikoan, Belgikan, lurrera joan ginen 20 bat txirrindulari, eta esango nuke denokhezurren bat hautsi genuela. Nik zortea eduki nuen: hatz bat hautsi eta kolpe gogorra ukondoan. Bestela, erori izan naiz, eta pentsatzen duzu larria izan behar dela, baina ez da hainbesterainokoa izaten.
Onartu beharra daukat erorikoak, arriskua, presente izaten dugula txirrindulari gehienok. Halere, badira suizida hutsak direnak... Gaur ere azkar ibiliko gara Milango zirkuituan. Ez naiz helmugara jota iritsiko, baina nekea pilatzen ari gara jada!
TXIRRINDULARITZA. Jota geratu gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu