TXIRRINDULARITZA. Litxarerria zalearena

Iban Maioz.
2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Txakalaldia izan nuen atzoko etapako azken kilometrotan. Aurreneko mendatea ondo igo nuen, gustura, baina, azkenekoan, helmugara heltzeko hamar bat kilometro falta zitzaizkidanean, hustuta geratu nintzen. Zortzi minutu baino gehiago galdu nituen tarte horretan! Helmugara heldu, eta han neukan zain masajista. «Hustuta nator», bota nion berarekin topo egin eta berehala. Pare bat Aquarius eman, eta kolpetik edan nituen. Une horretan....

Une horretan azukrea behar izaten da, eta normalena hori da, ba, Coca-Cola, Aquarius eta halakoak edatea. Otarteko txikiak eta laboreak ere jaten dira, baina nik ezagutu izan dut litxarreria zaleren bat. Berez, uste dut ez dela oso gomendagarria litxarreriak jatea, baina, beno...

Egia esan, edozer jaten da txakalaldi hori baretzeko. Nik ez dut txakalaldi gogor-gogorrik eduki lasterketetan. Entrenatzen gehiago eduki ditudala esango nuke. Adibidez, behin baino gehiagotan gertatu izan zait hustuta bezela sentitzea, eta, halabeharrez, gasolina guneren batean, edo gozo dendaren batean geratzea zerbait erosteko. Eta orduan txakalaldiaren motiboetan pentsatzen hasten zara. Ez da erraza izaten, baina pentsatzen duzu ba ez duzula behar bezala gosaldu, edo bezperako afariko jakiren bat ez zegoela egoera onean. Nik atzo behar bezala jan eta edan nuen, baina...

Kontua da azkar joan ginela. Esango nuke atzo hasi zela benetako Giroa. LPR taldea indartsu dago, eta, begira, jada hiru etapa irabazi ditu; lautik hiru. Gaur beste etapa gogor bati aurre egin beharko diogu. Aldapa gora hasi, gero kilometro mordoa beherantz, eta atzera, dezente gorantz. Buffa!

Une honetan nago gustura. Hemen gaude, San Martino di Castrozza mendatearen oinean, paraje ederrean. Bizikletan jaitsi naiz. Arropa aldatu, eta 10 minutuan hemen nintzen; bestela, autoan jaisten baldin bazara, etapa bukaeretan egoten den kaosarekin ordubete baino gehiago beharko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.