Andre Greipel (Lotto) ezinean ibili zen atzo, Paris-Nizako lehen etapan, eta 19. postuan helmugaratu zen azkenerako, ustez beretzat aproposa zen esprintean. Gorputza bere onera ekarrita, ordea, dotore atera du arantza, taldearen lan onari jarraipena eman eta bigarren etapa irabazita. Luzea eta gogorra izan da esprinta. Beauval eta Saint Amand Montrond artean, ia zailtasunik gabea zen etapa, eta Arnaud Gerarden (Bretagne) ahalegin bakartiak are gehiago erraztu du tropelaren lana. Ia zortzi minutuko aldea eduki ondoren, helmugara iristeko 37 kilometro falta zirela harrapatu du tropelak.
Gehienak esprintaren zain zeudela, hamar kilometro falta zirela erasoa jo du Tony Martinek (Etixx), eta atzetik gerturatu zaizkio Lars Boom (Astana), Matti Breschel (Tinkoff) eta Geraint Thomas (Sky). Laukoteak gogotik lan egitera behartu ditu esprinterren taldeak, Lotto tartean, eta kilometro eta erdi eskas falta zela harrapatu ditu tropelak. Taldearen ordura arteko lan ona biribilduta, denboraldiko bigarren garaipenarekin erantzun du gero Greipelek. Michal Kwiatkowskik (Etixx) jarraitzen du lider, eta, gainsariei esker, bi segundora gerturatu zaio John Degenkolb (Giant). Saint Amand Montrond eta Saint Pourçain sur Sioule artean, hirugarren etapa jokatuko da bihar, 179 kilometrokoa. Hirugarren mailako hiru koska dauzka ibilbideak.