Ez zebilen ondo, eta amore ematea erabaki du. Andy Schleckek (RadioShack) nekez ulertzen du txirrindularitza Frantziako Tourrik gabe, baina beste baterako utzi beharko du erronka handi hori. Lesio batek alboratu du. «Albiste txarra da, baina gaztea naiz oraindik eta badakit are indartsuago itzuli naitekeela. Ez dut esan azken hitzik». Dauphineko erlojupekoan erori zen Andy Schleck, joan den ostegunean, eta pulbiseko beheko aldean haustura dauka, sakroan hain justu; larunbatean erretiratu egin zen, bizkarreko eta hankako minez. Lau-sei aste geldirik pasa beharko dituela esan nahi du horrek, eta hemendik bi astera hasiko da Tourra, ekainaren 30ean.
«Espainiako Vueltan itzuliko naiz». Denboraldiko erronka nagusia ere zehaztu du. «Tourraz haratago badaude beste lasterketa batzuk ere: Olinpiar Jokoak, Vuelta bera, mendatean etapa asko amaituko direlako, Munduko Txapelketa eta Lombardiako Giroa». Johan Bruyneel taldeko zuzendaria ez zuen ondoan izan atzo Schleckek Strassenen (Luxenburgo) emandako prentsaurrekoan, baina bai taldeko medikua. Hark azaldu zuen hasieran egin zioten frogan ez zela ageri hausturarik, baina ondorengo erresonantzian argitu zela dena.
Orain egun gutxi jaso zuen Schleck anaietan gazteenak 2010eko Frantziako Tourreko maillot horia. Alberto Contadorrek (Saxo Bank) irabazi zuen, baina baliorik gabe utzi zioten gero, positibo emateagatik. Ofizialki Schleck da, beraz, 2010eko Tourreko irabazlea. 2009an eta iaz bigarren amaitu zuen. 25 lehiaketa egun bakarrik pilatu ditu denboraldi honetan.
Galdeano, Euskaltelera
Euskaltel-Euskadik ez du baieztatu albistea, baina, itxura guztien arabera, Igor Gonzalez Galdeano izango da talde laranjaren etorkizuneko proiektuko zutabe nagusia. Euskaltelek bere gain hartuko du taldearen ardura guztia, eta Galdeano aukeratu dute zuzendari gisa. Litekeena da, gainera, aurtengo Tourrean bertan bera izatea zuzendarietako bat.
Andy Schleck ez da joango Frantziako Tourrera
Pelbisean haustura dauka Schleck anaietan gazteenak, eta 4-6 aste beharko ditu entrenatzen hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu