Itsusitzen dos Munduko Kopa. Multzoen fasea final-zortzirenak baino politagoa izan zen, eta final-zortzirenak ikusgarriagoak final-laurdenak baino. Irabazi beharrak eta galtzeko izuak faborito handienen artean, praktikotasunera bideratu ditu estrategiak. Praktikotasuna ez galtzera eta irabazia dagoena gordetzera jokatzea ulertuta. Alemania eta Brasil atzo, Argentina gaur. Hirurak molde berean. Gola sartu hasieran, eta bigarren zatian eutsi eta eutsi. Nabarmenago da joera hau amerikarren artean Alemaniaren baitan baino, dena esaten hasita.
Argentinak ere anestesistaren jantzia eraman du soinean. Tira, partida guztietan izan du jantzia, eta gaur aukeran jarri zaio traje itsusi hori erakusteko, hasi orduko sartu duelako gola Higuainek. 8. minutuan izan da, eta agerian utzi du aurreko minutuetan ikusia: Belgikaren defentsako lanak indarrik ez du. Begiekin defendatzen ari ziren, lerro barruan zuloak utziz eta lerroen artean ere bai. Aurrelari bakarra Argentinak (Higuain), eta behera jaisten bazen baloiaren bila Van Buyten eta Kompany erdiko atzelariengandik metro batzk ihes eginda, Belgikako biak begira. Gola adibide. Bakarrik hartu du aldaratzea, berari joan zaio (zorte kontua), baina erdiko atzelaririk ez inguruan. Zartakoa, ezustean hartuz denak, eta gola. Kito partida.
Bai, kito. Nahiz eta 80 minututik gora geratu. Bi molde ikusi dira hortik aurrera: Argentina atzean sartuta, Belgikaren aldean beste oldarkotasun batekin defendatuz, kontraerasoan oinarritu nahian. Eta Belgika ezinean aurkaria atzean sartu izan zaion bakoitzean bezala. Multzoen fasean estu ibili zen aurkariak horrela jartzen zitzaizkionean, eta gaur estu baino larriago ibili da. Ezin jokorik sortu.
Bi molde horien baitan joan da partida. Erritmoa geldoa, jakina. Argentinaren mesede. Aukerak tamainan. Eta bukaeran, Belgika joko zuzenaren bidez aukerak sortu nahian. Baina ezer ez sortzeko. Eta sortutako apurrak bi atezainek utzi ezerezean.
Bukatzeko, kontu batzuk: Argentina finalerdietan da, 1990etik aurreneko aldiz; Di Mariak min hartu du lehen zatian, eta ikusi egin beharko da jokatzeko moduan egongo den orain; eta Biglia zelai erdian gaur, Gagoren ordez. Onura Argentinarentzat. Anestesistak nagusi. Ikuskizunaren kalterako.