Garesti. Erosi egiten da, baina ez dago modu onean. Patrikan dirua gori-gori dutenek bai, horiek erosteko aukera izaten dute. Baina gurean, eskasia dute gehiago. Eta Osasuna, Realak eta Athleticek golaren usain gozoa usaintzen dute, baina muturren aurretik ihes egiten die. Normalean, hala izaten da, eta asteburukoa horren adibidea. Nahiz eta nafarrek eta bizkaitarrek bina gol sartu, zenbat komeria izan ohi dituzten gola dastatzeko. Eta Realaz ere beste horrenbeste esan behar, joan zen asteazkenean, Espainiako Kopan, lau aldiz jan arren. Igandean, Santanderren, aukerak bai asko, baina gauzatu, alerik ez. Garesti dute gola.
Sartzen dituzte, baina... Idatzi dut golak sartzeko zailtasunak dituztela, eta norbaitek hauxe esan dezake: «Athleticek eta Osasunak badituzte makina bat talde atzetik aldeko golen sailkapenean». Eta hala da, baina bi taldeen partidak ikusi eta gero, gehiago sartzeko aukerak sortzen dituztela iruditzen zait. Asteburuan, irabazi egin zuten biek, baina ez zuten urruti izan ez irabaztea. Golak sartzeko zailtasun horrek ia eraman zuen bi puntu galtzera Athletic. Osasunaren kasuan baino nabarmenagoa izan da egoera hori asteburuan, nafarrek ez zituztelako hainbeste aukera sortu.
Llorente falta eta... ezin golik sartu Bielsaren taldeak. Hala dio hitzetik hortzera dabilen baieztapenak. Baina neurria jarri behar zaio esaten ari diren horri. Alde batera, ezin da ukatu hutsunea utzi duela aurrelariak. Hegaletatik egiten diren erdiraketetan ederki bistaratzen da zuloa. Norbait falta. Aurrelari handia. Aurrelari sendoa. Errematatzaile petoa. Baina, beste aldera, zer eragin dauka Llorente ez egoteak taldekideek larunbatean huts egin zituzten aukerak huts egiteko? Zaragozako atezainarekin buruz buru geratu eta kale egitea Llorente ez egoteagatik gertatu al zen? Horregatik idatzi dut neurriarena. Zuriaren eta beltzaren artean grisa egon ohi da.
Lekic eduki, baina... beste ezaugarri batzuk dituzten jokalariak nahiago Mendilibarrek. Athleticen hutsunea omen dena ondo beteta dauka Osasunak. Badauka aurrelari handia, aurrelari sendoa, errematatzaile petoa, baina ez da ari jokatzen. Nino txikia gustukoagoa du entrenatzaileak. Badu bitxikeria kutsua bi taldeen konparazio horrek. Dena dela, igandean, Iruñeko partidari begira nengoela, Nino bakarrean ikusi nuen, batez ere lehen zatian. Urruti taldekideengandik. Baloia zelaiaren gainean erabiliz saiatu zen Osasuna gora iristen tarte horretan, baina ez zuen asmatzen. Eta Nino soberan bezala zegoela iruditu zitzaidan. Joko zuzenagoa ez ote zuten egin behar..., baina, jakina, Nino txikia goian egonda, ez zen aukera egokia. Bigarren zatian, galtzen ari zela, Lekic atera zuen Mendilibarrek. Joko zuzenaren aldeko aldarria. Partidaren amaieran, nik ikusitakoa beste batek ere ikusi zuela jakin nuen; honela esan zuen Garridok, Vila-realeko entrenatzaileak: «Osasuna erosoago ibili da bigarren zatiaren azken aldera, joko zuzena egiten hasi denean».
Ifran. Hara beste aurrelari bat. Ez da handia, baina Nino baino sendoagoa bada. Errematatzailea da, baina ez Llorente Athleticekoaren tankera berekoa. Gutxi ari da jokatzen, baina jokatu duenetan, gola sartu izan du. Realak merke antzean erosi zuen, eta sekulako negozioa egin zuela zabaldu zen. Lesionatuta egon ez balitz, Donostiara ez beste nonbaitera joango ei zen. Orain, hor dabil, alde egin nahi duela, ez duela nahi. Taldeak golak sartzeko komeria guztiak izan zituen igandean, eta halakoetan, Uruguaikoak gehiago jokatu behar duela azkar zabaltzen da. Baina ez diot neurririk hartu Ifrani. Defentsako lanaz ari naiz. Sevillan jokatu zuenean, Ligaren hasieran, egundoko lana egin zuen atzelariei oztopoa jartzen. Baina harrezkero, arlo horretan eskas dabil. Horregatik agian ez du gehiago jokatuko. Konparazioekin amaitzeko, Ninoren eta Llorenteren aldean, langile fina ez da. Zein garestia ematen duen Ifran lanerako jartzea.
Aulkitik begira
Angulen pare
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu