Anoeta, alderdi fidagarria

Etxeko puntuei eskerrak bete ditu Realak helburuak azken sasoietan, eta bide beretik jarraitu nahi du gaur, Celta mendean hartutaAgirretxe eta Jose Angel hasieratik ariko dira, eta Pardok ere badu horretarako aukera

Anoeta, alderdi fidagarria.
Donostia
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bi urte luzeren ondoren irtengo da berriz ere Celta Anoetara, oso bestelako testuinguru batean. Martin Lasarte eta Eusebio entrenatzaileek ez diote bostekoa emango elkarri. Carlos Buenok, arratsalde hartan Realaren bigarren gola sartu zuen uruguaitarrak eta Miguel Perez Michuk, Celtaren ikur izandakoak, telebista bidez ikusiko dute lehia nahi izanez gero. Harmailetako giroa ere ezberdina izango da ziur. Lehen mailara igo ondorengo oroitzapenak baino ez dira. Galiziarrak garaituz egin zuen eta gora Realak. Lehen mailan ari da orduz geroztik egonkortasun eta iraunkortasuna topatu nahian. Erronka berberak zehaztu ditu Celtak orain. Edonola ere, bi multzoen egitura ez da bereziki aldatu goi mailan; entrenatzaileen izenak kenduta, noski.

Zubikarai, Carlos Martinez, De la Bella, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Xabi Prieto, Zurutuza eta Griezmannek —hasierako hamaikakoan sartu zituen Lasartek orduan—, elastiko txuri-urdina soinean daramatela segitzen dute. Beste hainbeste esan daiteke Iago Aspas, Vila, Hugo Mallo, Tuñez, Lago eta Alex Lopez aurkariei buruz. Parte hartuko dute horietako gehienek.

Philippe Montanier eta Paco Herrera entrenatzaileek liburuxka berbera daramate besapean nonahi daudelarik ere. Ez diote zentzurik aurkitzen futbolari baloirik gabe. Estilo kontua da, ideiaren garrantzia. Zelai erdian nork aginduko izango da aurreneko baldintza neurketa bereganatzeko, hortaz. Lan horretarako, Realeko teknikariak ez du David Zurutuza izango, anemiagatik. Ez da hutsune bakarra izango, Iñigo Martinezentzat arinegi iritsi baita gaurko lehia. Realak itxura ahula eman zuen Bartzelonaren jokalekuan. «Porrotak onartzea ez da inoiz gauza erraza, Bartzelonaren beraren aurka izanagatik. Zer esanik ez ordu laurden eskasean hiru gol jasotzeak».

Montanierrek badaki erasoko eta defentsako lanak orekatuagoa beharko duela izan aurrerantzean emaitza onak lortu ahal izateko, lotuta ez jokatzeko. Konfiantza tankea betetzen ere lagundu luke horrek. Ziur asko, neurketako hainbat fasetan Celtak hartuko du jokoaren ekimena bere gain, horretarako kalitatea baduelako. Orduan azaldu beharko dute etxekoek baloia berreskuratzeko azken asteetan egindako lana. Presioan asmatzea ezinbesteko tresna izango da aurreneko puntuak batzeko. Anoetako sendotasunean oinarritu dira gipuzkoarrak joan den hamarkadako egoera iluna argitzeko, eta barneratuta daukate etxean alderdirik fidagarriena erakutsi ezean larri ibil daitezkeela.

Montanierren eskutik egonkortu zen lehen taldean Imanol Agirretxe, joan den sasoian batez ere, etxeko norgehiagoketan garrantzitsu bilakatzeraino. Entrenatzaileak behin eta berriz erakutsi zuen iaz baliabide askotarikoak erabiliko dituela hamaikakoak osatzerakoan: esate baterako,Vela aurre-aurrean kokatzea Donostiatik kanpoko zelai askotan egin moduan. Anoetan, ordea,usurbildarraren alde egin zuen beti. Hori dela eta, pentsatzekoa da bereari eutsiko diola. 25 urte dauzka aurrelariak, ehiztari modura azala loditzen ari zaio, eta lehengo urteko emaitzak hobetzeko zereginarekin irtengo da zelaira. Hamar gol sartu zituen ligan.

Era horretara, Griezmannek atzerapausoa emango luke Markelen edo Elustondoren kaltetan. Beasaindarrak arazo fisikoak izan ditu, gainera. Ruben Pardok ere hasieratik joka lezake Illarramendi eta frantziar gaztearekin batera. Gonzalo Castro eta Xabi Prietoren parte hartzea ziurra da.

Agirretxeren jokoaz gain, Anoetan eseritako zaleak Jose Angel atzelariarena ikusteko aukera izango du, baldin eta Montanierrek atzo esandakoari eusten badio: «Aukera aproposa izango da berarentzat». De la Bellak hartuko luke atseden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.