Gaur goizean ekingo dio Realak igandean Anoetan Vila-realen aurka jokatu beharreko partida prestatzeari, eta Philippe Montanierrek ziur ez diela begirik kenduko Vadim Demidov eta Liassine Cadamuroren osaketa lanei. Oraintxe bertan erdiko atzelari peto bakarra baino ez baitu prest igandean jokatzeko: Jon Ansotegi. Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinezen parte hartzerik gabe —lehenak partida bateko zigorra bete beharko du eta bigarrenak ez du gehiago jokatuko sasoi honetan—, bestelako plangintza bat zehaztera derrigortuta dago entrenatzailea, ezohiko bikoa izango denaren alde egitera. Malagan erdietsitako puntuaren ondotik, multzoaren espirituari aitortu zion balioa frantziarrak, bere jarraibidearen oinarrietako bat da, eta horretan sakontzeko parada izango du igande honetan.
Ansotegi da txapelketaren azken txanpako izen nagusietako bat. Montanierren aroan, hasierako hamaikakoan aurreko sasoietako pisuaren laurdena izan ez arren —Espanyolen zelaian 32. jardunaldian jokatu zuen hasieratik bigarrenez—, edozein egoeratan zelairatu arren, beti neurria ematen duten horietakoa dela frogatu du berriz. Atzelari fidagarria. Horri eskerrak, Demidovi aurrea hartu dio, eta Mikel Gonzalezen lagun izateko aukera handia dauka liga amaitu arte.
Igandeko neurketari dagokionez, Ansotegi-Demidov izango da ziurrenik atzeko lerroko erdialdeko bikotea. Norvegiarra kili-kolo egon da azken astean. Giharretako arazoak direla medio, Montanierrek ez zuen deialdian sartu Betisen eta Malagaren aurkako norgehiagoketarako, baina aurki behar luke egon gainontzekoen lan berberak egiten Zubietan. Zalearentzat ez da berria izango bi horiek bata bestearen aldamenean lanean ikustea. Cornellan jokatu zuten azkenengoz elkarrekin duela egun bazuk, eta aurreko sasoian, sei neurketatan aritu ziren batera. Goitikako jokoa ederki menderatzen dute. Aurrelari bizkorrek sorraraz dakizkiekete arazoak.
Montanierren beste aukeretako bat Cadamuro da, baldin eta horrek ere giharretako arazoak gainditzen baditu. Demidov baino arinagoa eta bizkorragoa izan arren, hegaleko beharrak betetzeko erabili du entrenatzaileak, eta ez dirudi lekuz aldatuko duenik. Halere, ez litzateke kokapen arrotza frantziar gaztearentzat, heziketa mailetan erdialdean aritu baita gehienetan. Beheko taldera iritsi zenean, esaterako, bertan jokatu zuen aurreneko bi urteetan. Futbolari aldakorra izanik, soilik hirugarren eta azkenengoan mugiarazi zuten saihetsera. Horri eskerrak eman zuen jauzia aurreko udan lehen taldera, eta eskuin hegalean jokatu zuen Aljeriarekin lehen aldiz. Cadamuro bera erdian aritzeko irrikan dago, eta berezko postura itzultzekoa. Haren taldekide batek baino gehiagok uste duenez, dohain itzelak dauzka postu horretan egonkortzeko eta atzelari sendoa izateko. Alberto De la Bellak, adibidez, aitorpen horixe egin zion egunkari honi eskainitako elkarrizketan.
Atzelariei dagokienez, Carlos Martinezen parte hartzea litzateke azken irtenbidea. Juanma Lillok eraman zuen noiz edo noiz erdialdera hiruko lerroa osatu zuenetariko batean. Lauko defentsa batean, ordea, ez da inoiz hor aritu. Profesionala denetik ez, behintzat, eta ezusteko handia litzake Montanierrek halakorik egitea. Are gehiago, Malagan horretarako aukera izan arren, Gorka Elustondoren kokapena atzeratzearen alde egin eta gero.
Malagakoa aintzat hartuta
Demidov osatu ezean, oso litekeena da Elustondok berriro atzean jokatzea. Horren alde egin zuen frantziarrak Mikel Gonzalezen hutsunea betetzeko Malagan, eta Elustondoren lana aintzat hartzekoa izan zen. Zubietan urteetan lanean aritutako teknikari batek dio beasaindarrak lasai joka dezakeela atzean sartuta, fisikoki gaitasuna izateaz gain zentzuz atera dezakeelako jokatuta baloia.
Joan den asteko moldaketa hori ez da berria Montanierren egitarauan. Iñigo Martinezi txartel gorria atera zioten bi alditan, zelai erdian aingura lanak egiten ari zenari atzerantz joateko agindua eman baitzion: Vallecasen Marigari, nahiz eta Mikel Gonzalez aulkian egon, eta Sardineron Demidovi, Cadamuro eta Ansotegi aulkian egonagatik. Bat-bateko erabakietan argi utzi du ez duela aldaketarik galdu nahi erdiko lerroko zuloa estaltzeko. Oraingoan aldez aurretik jakingo du.
Ansotegirentzako lagun bila
Mikel Gonzalez eta Iñigo Martinez gabe, Demidov da Montanierren lehen aukera Ansotegirekin batera Vila-realen aurka jokatzeko. Halere, Elustondok ere defentsaren erdian joka dezake berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu