Anton, Ion Izagirre eta Landa, beste bi urtez Euskaltel-Euskadin

Hurrengo sasoirako multzoa osatzen ari da talde laranja; hemengo txirrindulariak izateko filosofiari eutsiko dio

Donostia
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Euskaltel-Euskadik etorkizunera begira jarraitzen du lanean. Proiektuaren aurkezpenean,orain bi aste, taldearen «filosofiari eta oinarrizko txirrindulariei» eutsiko diela ziurtatu zuen. Bide onetik doa, bada. Atzo baieztatu zuen Igor Antonek, Ion Izagirrek eta Mikel Landak kontratua luzatu dutela, 2014ra arte. Horrela, taldearen etorkizuneko oinarria ziurtatu du. Izan ere, Igor Gonzalez de Galdeanok nabarmendu zuen txirrindularirik garrantzitsuenak «hemengoak edo harrobikoak» izan behar direla.

Manager berriak azaldu zuen hirurek osatuko dutela talde laranjaren «bizkarrezurra», Samuel Sanchez eta Mikel Nieverekin batera. Gainera, bi horien kontratua berritzetik oso gertu dago, eta baita Egoi Martinezena ere. Beraz, mailarik handieneko txirrindularien jarraitutasuna ziurtatuko du Euskaltel-Euskadik. Horrela, pauso handia emango du proiektu berriaren helburu nagusia betetzeko: goi mailan irautea, World Tour kategorian, alegia. Puntukako sistemarekin, emaitzek balio dute, eta liderrek lortu ohi dituzte.

Beste bi urtez izango dira taldean Anton, Izagirre eta Landa. Lehenak oso emaitza onak lortu izan ditu, Espainiako Vueltan —taldeburua izango da aurten ere— eta Italiako Giroan, adibidez. Beste biak gazteagoak dira, eta soilik bi urte daramatzate profesionaletan. Haatik, garaipen handiak lortuak dituzte: Landak iazko Burgosko itzulian eta Izagirrek aurtengo Giroan. Ziklista horiekin, taldearen oraina eta etorkizuna «bermatuak» daudela ziurtatu zuen Galdeanok.

Greenedge, talderik azkarrena

Eneco Tourrean, Greenedgek lortu zuen garaipena, atzo, bigarren etapako taldekako erlojupekoan. 18,9 kilometroko distantzian, Australiako taldeak segundo bakarra atera zion Omegari, eta bi segundo Katuxari. Euskaltel-Euskadi azken-aurrena izan zen. Bere taldeak garaipena lortuta, Jens Keukeleire (Greenedge) da lasterketako lider berria. Pablo Urtasunek(Euskaltel), bestalde, tarteko helmugetako lidergoan jarraituko du, lehen etapan ihesaldian sartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.