Apalak dira, baina gaiztoak

Gescrap bolada onean da, baina Katsikaris ez da fidatzen, Manresak Fuenlabradan eta Gasteizen irabazi baitu

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Bost garaipen lortu ditu errenkadan, eta seigarrena lortu nahi du. Helburua gauzatzeko faborito argi ere bada, azken bi partidetan Real Madril ahaltsua menderatzeko gai izan baita Gescrap Bizkaia. Asteazkenean Miribillan emandako erakustaldia gogora ekartzea baino datu hobeagorik ez, bizkaitarrak sasoiko unerik gozoenean daudela baieztatzeko. Hori nahikoa al da eguerdian garaipena lortuko dutela ziurtatzeko? Ez, ACB ligan edonork duelako bolada onena hausteko gaitasuna, pentsaezina den ezustekoa emateko ahalmena. Eta Manresa talde arriskutsua da benetan. Baliabidez apala, baina gaiztoa jardunean. Arriskutsua.

Manresa Fuenlabrada eta Gasteizen irabazteko gai izan da, eta horrek «talde lehiakorra dela erakusten du», Fotis Katsikarisen ahotan. Haien jokalari zerrendari gainetik erreparatu, eta arrisku handirik ez dutela dirudi, «baina jokalariek konpromiso handiarekin jokatzea lortzen dute, eta ez sasoi honetan, aspaldi baizik». Entrenatzaile greziarra Manresaren indarra bere azalean sufritutakoa da, eta lehen itzuliko partidaz gogoeta egin zuen: «Zirimola baten pare kantxaratu ziren, eta muturreko handia eman ziguten».

29-9 aurreratu zen Manresa lehen hamar minutuetan, eta partida erabakita utzi, hasi eta berehala: «Bolada ona lortzen dutenean gainetik pasatzeko kemena dute, eta huts pare bat eginagatik ere, lasaitasunez jokatu behar dugu». Gescrapek bost garaipen lortu ditu errenkadan, eta, seigarrena lortuta, askoz gozoagoa izanen litzateke hurrengo hamar egunetako atsedentxoa. Horregatik, jokalariei, lan saioetan baldintza kaskarretaN ari badira ere, ahalegin berezia egiteko eskatu die, sailkapenean zortzi onenen artean irauteko. Izan ere, berogailurik gabe ari dira entrenatzen Miribillan, hamabi graduko tenperaturarekin, eta jokalariak deseroso daudela esan du Katsikarisek.

Bi taldeen artean garaipen bakarreko aldea dago, eta liga bukaeran gerta litezkeen berdinketak gogoan, komeni Manresatik ekarritako emaitza txarrari buelta ematea. Zortzi puntugatik galdu zuen Gescrapek, 81-73, eta, alde hori gaindituz gero, hiru garaipen gehiago lortu beharko lituzkete kataluniarrek liga erregularra bukatu bitartean.

Asselin-Doellmann bikoa

Manresak saskipean dituen bikotean oinarritzen du bere indarra. Justin Doellmann eta Josh Asselin estatubatuarrak 25 puntu eta hamabost erreboteko batez bestekotik gora dabiltza azken bi hilabeteetan, eta D'Or Fischer, Hervelle, Mavroeidis eta Banicek tentuz jokatu beharko dute. Ponsarnauren taldeak, ordea, arrisku gehiago ditu. Kanpoko lerroan ligako ezusteko handienetakoa izaten ari da Micah Downs hegalekoa. Jauzi ikusgarriak egiten dituelako, baina hirukoetan eta barneraketetan ere maisua delako.

Adi, era berean, Adam Hanga poloniarrarekin eta Sergi Gladir ukrainarrarekin. Gladir ez dabil joan den sasoian bezain ikusgarri, baina bolada ona hartuz gero, oso jokalari arriskutsua da. Hanga bezala, defentsa lanean iaioa, baina kontraerasoan min handia egiten duena bere azkartasunari esker. Javi Rodriguezek ere beti jokatu du ondo bere talde ohiaren aurka, eta lehen itzuliko zenbaki onak gogoratzea onena, Jackson, Raul Lopez eta Fisher kontuz ibil daitezen: zazpi puntu, zazpi asistentzia eta bederatzi errebote.

GESCRAP-MANRESA

Txapelketa. ACB ligako 20. jardunaldia.

Gescrap Bizkaia. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis, Samb eta D'Or Fischer.

Assignia Manresa. Javi Rodriguez, Hernandez, Palsson, Hanga, Gladiir, Downs, Achara, Oriola, Doellmann eta Asselin.

Sailkapena. Gescrap Bizkaia zortzigarrena da: 10-9 (+17); Manresa, berriz, 11.a: 9-10 (-13).

Lekua. Bilbo Arena (9.400 eserleku)

Ordua. 12:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.