Athleticeko jokalariek oinak lurrean dituztela erakusteko aukera paregabea dute gaur Granadaren kontra. Fabrik zuzentzen duen taldeak ez dauka Bartzelonak eta Sevillak duten mailarik. Talde apala da. Mailari eusteko eratutakoa. Urte askoan beheko mailetan egon ostean gorengo mailan duintasunez lehiatzea gura duen talde bat da. Eta, orain arte, txukun aritu da. Jaisteko postuetan sartuta bisitatuko du San Mames. Hamaika jardunalditan bederatzi puntu lortuta. Baina Granadak neurketa bat gutxiago jokatu du. Zehatzago esanda, Mallorcaren kontra ordu erdi jokatzea falta zaio. Gazte batek harmailatik marrazainari aterki bat bota ziola eta, epaileak bertan behera utzi behar izan zuen neurketa.
Partida hori 2-1 irabazten ari zen Granada. Eta neurketa hala bukatuko balitz, lau postu gorago egongo litzateke taldea. Hiru puntu gehiagorekin gauzak beste era batera ikusiko lirateke Granadaren ibilbidea aztertzeko orduan. Gainera, ez da ahaztu behar Fabriren taldea ere gai izan dela Sanchez Pizjuanen irabazteko.
Granadari errepestua zor zaio. Espainiako Ligako gainerako talde guztiei bezala. Jakina da zer gertatzen den kontrarioa gutxiesten denean: porrota seguru. Horren harira, gaur ikusiko da nola barneratu dituzten talde zuri-gorriko futbolariek azken aste bietan jasotako laudorioak. Behin denboraldi hasierako zalantzak gaindituta, askok txalotu dute Marcelo Bielsaren taldeak egin duen jokoa. Baina Bartzelonaren eta Sevillaren kontra egindako erakustaldien ostean denen ahotan dagoen taldea bihurtu da bizkaitarra. Horren ona izan da zuri-gorrien futbola, zaleak hasi dira esna amets egiten. Txapeldunen Liga lortzeko gai izango den ala ez izan da asteko gaia jarraitzaile zuri-gorrien artean. Kalean ez da besterik entzun.
Futbolaren helburu nagusietako bat ilusioa sortzea denez, normaltzat hartu beharko da zaleen jarrera. Alde guztietatik albiste txarrak datozen sasoian ona da inguruan bizipoza ematen duen zerbait edukitzea. Baina aldagelako mezuak ez du zerikusirik izan taldearen ingurukoarekin. «Txapeldunen Liga helburu gisa jartzea okerra da. Oraindik goiz da. Bolada gozoan gaude, baina sasoi txarrak ere etor daitezke. Beraz, helburuak jartzeko itxaron egin beharko dugu», adierazi du aste honetan Iñigo Perezek. Gainerako taldekideek ere antzeko mezua zabaldu dute.
Zuhurra izateak ez du esan gura anbizioa izan behar ez denik. Athleticek erakutsi du itxura ona eman dezakeela. Aurreko sasoian, eskas jokatuta, seigarren sailkatzeko gai izan zen. Denboraldion, berriz, askoz ere joko osoagoa egiten ari da. Ez da bakarrik ikuslearentzat erakargarriagoa. Hobea ere bada. Besteak beste, aurreko denboraldian baino zortzi gol gutxiago sartu dizkiote talde zuri-gorriari sasoi honetan. Bada zerbait. Gorka Iraizoz da Athleticen hobekuntzarekin gehien gozatzen ari direnetako bat. Atezainak azken denboraldiotan baino lan gutxiago du. Hori nahikoa ez, eta taldeak hobetu duen neurri berean igo da atezainaren maila. Aspaldian oso ondo ari da nafarra. «Taldeak aurrean egiten du presioa. Horri eskerrak, kontrarioari aukera gutxiago ematen diogu, eta, era berean, guk egoera hobean hartzen dugu baloia».
Bielsak gehiago nahi du
Atea hobeto zaintzeaz gain, guztira hamaika jokalarik sartu dute gutxienez gol bat, eta pentsatzekoa da Marcelo Bielsak gustura egon beharko lukeela. Hala ere, eguneroko lanean gehiago eskatzen jarraitzen du argentinarrak. Ez du taldea lasaitzerik gura. Asteon ere ikustekoak izan dira zuzendu dituen lan saioak. Soropil gainean itxuraldatu egiten da Bielsa. Aginduak emateaz gain, Granadaren kontra egin asmo duenaren zertzelada batzuk ere eman ditu. Batetik, joko sistema aldatuko du. Sevillan bost atzelarirekin aritu ostean, lau defentsako sistemara itzuliko da. Eta atzeko lerroan egongo da berritasunetako bat. Partida bateko zigorra bete ostean, hasieratik ariko da Amorebieta. Javi Martinez izango da Iurretako jokalariaren bikotekidea. Beraz, zelai erdirako Iturraspe aukeratuko du entrenatzaile argentinarrak.
Apalekin, onenekin bezala
Athleticek azken jardunaldietan bezain ondo jokatu beharko du gaur, Granada mendean hartu gura baduZuri-gorriek alde batera utzi beharko dituzte alde guztietatik jasotzen ari diren laudorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu