Bigarren urtez jarraian jokatuko da bihar Hego Euskal Herriko Rallya. 1960tik 1987ra 28 urteko ibilbidea egin ondoren, azken urte horretan eten egin zen Euskal Herriko automobil proba garrantzitsuena. Iaz, ordea, RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubak berreskuratu egin zuen, auto lastekerketa zaleen zorionerako, eta aurten indar handiz dator.
XXXI. aldia jokatuko da bihar. Iruñean hasiko da 07:00etan, Yanguas eta Miranda parkean, eta bertan amaituko da 21:00etan. 603,29 kilometro izango ditu, baina horietatik 150,16 izango dira lasterketakoak. Gainontzekoek ez dute sailkapenerako balioko, eta gidariek trafikoko arauak errespetatuz osatu beharko dituzte.
150 kilometro horiek bost ibilbidetan jokatuko dira, Gipuzkoan eta Nafarroan: Gaintza, Zerain, Genbe, Girgillao eta Lekunberrin. Ibilbide bakoitza bi aldiz korrituko dute gidariek. Lasterketaren gune nagusia Lekunberrin egongo da. Iruñetik abiatu ondoren, lehen autoak 07:40an iritsiko dira Lekunberrira. Hogei minutuko atsedenaren ondoren Gipuzkoarantz joango da lasterketa. Gaintzako ibilbidea behin egin ondoren Zeraingoa egingo dute, eta gero itzuli hori berriz errepikatuko da. Arratsaldean ere bi bira emango dizkiote Genbe, Girgillao eta Lekunberri itzuliari.
Guztira 93 gidarik eman dute izena RACen, baina Espainiako Txapelketaren araudiak txapelketa horretarako puntuagarria da irteera gehienez 90ek har dezaketela dio. Lasterketaren palmaresean Marc Etxebers da txapeldun nagusia. Ipar Euskal Herriko gidariak bederatzi aldiz irabazi zuen.
Gidari guztien aurretik Txus Jaio 0 autoan joango da, ikusleei lasterketa iristear dela adierazten dion autoan. Lur gaineko Espainiako txapeldun bizkaitarra lurra errepidearengatik aldatzear dela esan zuen rallyaren aurkezpenean Maikel del Cid Gipuzkoako Federazioko presidenteak. 0 autoaren aurretik beste bi pasatuko dira antolakuntzari zale eta errepidearen egoeraren berri emanez
Rallya egun bakarrez jokatuko da, baina automobil zaleek gaur bertan autoak ikusteko aukera izango dute. Goizean 10:00etatik 14:00etara entrenamendu proba, shakedown-a, jokatuko da Leraten (Nafarroa). Iaz ibilbide horretan bertan lasterketako zatietako bat jokatu zen, eta bertan zeudenek bihurguneekin gozatu ahal izan zuten. Arratsaldean, gainera, 15:30etik 19:00etara Sadartxoan, Osasunaren Instalazioetan, egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo dira.
Lasterketa irekia izango da biharkoa, Miguel Fuster Espainiako Txapelketako liderrak ez baitu korrituko. Hala ere Sergio Vallejok irabazten ez badu bihar bertan txapeldun izan daiteke.
Segurtasun arauak
RACek segurtasun araudiak azpimarratu ditu. Hesi hori eta urdinaren atzean jarri behar da, gainalde batean, eta errepidean ez sartu. Ahal dela, leku bat aukeratu, eta bertatik ez mugitzeko eskatu du. Zinta gorriak dauden lekuetan egotea debekatuta dago. Zaleen autoei dagokionez, irteera errepideak libre utzi behar direla gogoratu du.
Aralar eta Andia artean
Hego Euskal Herriko Rallya bihar jokatuko da, eta Nafarroako eta Gipuzkoako errepideetan barrena ibiliko da 14 orduz. Probak gaur egingo dira Leraten. 93 gidarik eman dute izena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu