Aranburu: «Oso zaila da gertatu zaiguna barneratzea»

Realeko jokalariek ez diote azalpenik aurkitu herenegungo porrotari, eta onartu dute errua eurena izan zela

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Azalpenak emateko eguna zen, eta Xabi Prieto eta Mikel Aranburu Realeko kapitainek taldearen webgunean adierazpenak egin zituzten atzo. Biek esan zuten euren ibilbideko partidarik gogorrenetako bat izan zela, eta azalpen bakarra «psikikoa» dela, ez zutelako asmatu beharrezko «lasaitasuna» izaten.

Mikel Aranburu atsekabetuta agertu zen. «Oso zaila da gertatu zaiguna barneratzea», onartu zuen. Haren hitzetan, minutu gutxian dena zuritik beltzera pasatu zen, eta ez zuten jakin erreakzionatzen. «Gol bat sartzeko asmoarekin zelairatu ginen, hala kanporaketa erabakita utziko genuelakoan. Zailena egin ondoren, ez genuen jakin emaitzari atsedenaldira arte eusten. Hamar minutuan kanporaketari buelta eman zioten. Lehen gola izan zen gakoa, ez genuelako erantzun».

Erdilari beteranoaren iritziz, azalpena «psikikoa» da. «Alor psikologikoak garrantzi handia du, eta ez dago beste azalpenik. Ez genuen izan egoerak beharzuen patxadarik». Atzoko gaua luzea izan zen, eta, Xabi Prietok azaldu zuenez, jokalari guztiek izan zituzten begiak biltzeko arazoak. «Luzea izan da gaua: buruari buelta asko eman dizkiogu». Atzera begira jarrita, ez zuen azalpenik aurkitzen. «Lau aldiz iritsi dira lehen zatiaren bukaeran eta lau gol sartu dizkigute. Nire ibilbideko partida txarrenetako bat izan zen».

Kapitainez gain, Eñaut Zubikaraik ere azalpenak eman nahi izan zituen Mallorcako hotelean. Herenegungoa bere «partida txarrena» izan zen, eta hark ere ez zuen asmatu gertaturikoa azaltzen. «Lehen gola sartu ziguten, eta gero gertaturikoa ezin azalduzko huts kolektiboen kate bat izan zen. Buelta asko eman dizkio eta ez diet logikarik aurkitu jokaldi askori». Atezainaren ustez, atsedenaldian ez zegoen dena galduta, baina bosgarren golak «jota» utzi zituen. «Hil egin gintuen; taldea deuzestu zuen».

Laugarren gola Zubikarairen huts larria izan zen. Atetik sakatzeko baloia lurrera bota eta Castrok kendu zion area barruan. Atezainak argi utzi zuen bere errua izan zela. «Nire atzean jokalari bakarra gelditu zela uste nuen, eta pasatzen ikusi nuenean askatu nuen baloia. Orduan, Iñigo garrasika entzun nuen, eta zerbait gorria ikusi nuen atzetik gerturatzen. Ez dakit zergatikez nuen zaindu angelu itsu hu-ra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.