Alex Aranzabal, Eibarreko presidentea, bat eta bakarra da, baina atzo prentsaren aurrean azaldu zena eta joan zen ostiralean plazaratu zena entzunda pentsa daiteke bi direla. Ostiralean ez bezala, oldarkor, irmo eta sendo azaldu zen Elxen auziaz hitz egitera. «Ligaren epaia oso gardena da, eta ez du zalantzarako tarterik uzten. Elx ez da betetzen ari epeek agintzen diotena ogasunarekiko zorra kitatzeko», hasi zen Aranzabal. Legea lehendik ere urratu duela gaineratu zuen: «Denboraldi honetakoagatik da zigorra, baina epaian garbi esaten da aurreko denboraldian ere ogasunarekin zorra utzi zuela».
Epaiaren berri zehatz eman zuen Aranzabalek: «Epaileak dio, legea eskuan hartuta, Elx hiru eta bost urte artean lehiaketatik kanpo utz dezaketela, eta zigor hori ezarri ez bada, agintari berriei aukera emateagatik ez dela ezarri, aurrekoek egindako oker guztia zuzentzeko». Lehiaketa ere hizpidera ekarri zuen, eta salaketa gogorra egin zuen Herrialde Katalanetako taldearen aurka: «Lehiaketa erabat faltsutu du, zorrari esker kirol abantaila eta alde ekonomikoa izan dituelako». Elxen helegiteak «epez kanpo aurkeztuak eta baliorik gabekoak» direla ere esan zuen.
Agindu-txartelak ere baliorik ez du, Aranzabalek esan zuenez: «Epaileak dio ez dela balekoa, ez eta onargarria ere. Maiatzaren 29an bukatzen zitzaion epea ogasunarekiko zorra kitatzeko, eta ez duela ezer ordaindu esaten du epaileak. Itxura egin duela Elxek, eta hori iruzurra dela. Agintariei zigor kodea ezar dakiekeela ere badio epaileak». Argudio guztiak kontuan hartuta, hau nabarmendu zuen Aranzabalek: «Ezin da atzera egin; ez dauka bueltarik auziak. Epailearen argudioak oso zabalak dira, eta Eibar da Lehen Mailako taldea».
Salatu egin zituen Elx aldetik epaileari eta erakundeei egiten ari zaizkien presioak: «Onartezinak dira demokrazia batean. Hau ez litzateke gertatuko Norvegia, Suedia edo Alemanian. Jokoan dagoena ez da Eibar Lehen Mailan egotea: Espainiako futbolean hartzen hasi diren bide garbiei eustea, hori dago jokoan».
«Ez dugu nahi Garitano»
Lehen Mailako taldea da Eibar, hala dagokiolako, eta kirol plangintza horren arabera ari direla egiten esan zuen presidenteak: «Ez dugu beste aukerarik ikusten». Gaizka Garitanoz galdetu zitzaion berriz ere, eta ez zuen zalantzarako tartetik utzi: «Ez dugu nahi hura. Egitasmo berria da, eta hutsetik hasi behar dugu. Hala erabaki du batzorde teknikoak. Bost kide gaude, eta bik egin dute Garitanoren alde; hiruk ez».
Entrenatzaile berria «ahalik eta azkarrena lotu nahi» dute: «Eibarren ibilia edo gure balioak azkar ikasiko dituena» izango da. Taldeaz, hauxe: «Aurtengoa baino hobea izan beharko du». Bukatzeko, autokritika: «Ez dugu talde lehiakorrik egin aurten, eta ni naiz erantzulea».