Golak: 0-1: Velak (12. min);0-2: Velak (14. min); 1-2: Demidovek bere atean (45. min); 2-2: Weissek (47. min). Epailea: Muñiz Fernandez. Txartel horiak: Espanyoleko Raul Rodriguez, Verdu, Sergio Garcia, Hector Moreno, Weiss eta Cristian Gomezi; eta Realeko Estrada, Xabi Prieto eta De la Bellari. Txartel gorria: Realeko Bravori (93. min), 92. eta 93. minutuetan txartel horia ikusi ondoren. Bestelakoak: 22.110 ikusle Cornella-El Prat estadioan.
Philippe Montanierrek Espanyolen aurkako neurketa prestatzerakoan nekez imajina zezakeen lehen ordu laurdena betetzerako bere taldeak bi gol sartuko zituenik. Eraginkortasunaren izenean azaldu zen Carlos Velarik zorrotz eta finena hiru puntuak Realaren patrikan sartzeko. Bi agerraldi mingarri, bi hozkada on Espanyol jota uzteko. Azken ukitua baino ez zitzaion geratzen neurketatik desagertzeko eta orduan egin zuen sekulako hutsa Realak, jauzia ematea galarazten diona astea joan astea etorri: heldutasunik eza, ofizio falta. Etxekoa ez zelako gai berez kanpokoa estutasunetan sartzeko. Baloia izan arren, sakontasuna, argitasuna eta joa falta zitzaiolako. Beharrik ere ez, pentsatuko zuen bakarren batek txuri-urdinen izaera suspertzailea kontuan izanik.
Tamalez, halaxe izan zen. Garaipenaren zorabioa-edo izango da, ez baita lan erraza Espanyolen aurreneko gola ulertzea lehen zatia amaitzear zela. Getafen Bravo eta Iñigo Martinez izan ziren protagonistak. Bartzelonan, aldiz, Ansotegi eta Demidov. Zorte txarreko errebotea? Balio zezakeen azalpen moduan lehen aldia balitz. Gehiagotan gertatu denez, aitzakia usaina dario. Realak gaia soberan du aurrerapausoa emateko, baina, mentalitatean eragin ezean, lanak izango dituzte. Espanyolen lehen gola barregarria izan arren, jokaldia berak, bere jatorritik hartuz gero, txuri-urdinen samurtasuna salatu zuen. Areatik urrun Romaricek falta azkar atera, Verduk jaso bakar-bakarrik eta erdiraketa bere atean sartu Demidovek. Ezustean harrapatu zituelako txuri-urdinak, kontzentrazioa azken une arte mantendu gabe. Gol horrek kolpetik ezabatu zuen taldeak erakutsitako jokabide sendoa, eta bigarren zatia hasi eta berehala Weissek markagailua orekatu zuen korner jaurtiketa batean.
Aranburu, Prieto eta, batez ere, Ansotegi izan ziren hasierako hamaikakoko berritasun nagusiak, joko estiloa ez baitzen berria izan. Mugikortasunaren alde, Agirretxe aulkian utzi zuen Montanierrek. Gutxigatik ez zitzaion ongi atera apustua, lehen zatian Espanyolek benetako arazoak izan zituelako Realaren erasoko jokoa geratzen, batik bat, Vela zaintzen. Ikusgarriak mexikarrak lehen ordu laurdenean sarturiko bi golak. Ongi presio aurreratuan txuri-urdinak, baloi onak lapurtuz. Aldea areagotzeko aukerak ere izan zituzten. Gero bota zioten ura edaten ari ziren ardoari. Binakoaren ondoren bi taldeek izan zituzten irabazteko pare bat aukera on.
Atzoko puntuak zapore gazia izan arren, Betisen aurka gozatzeko aukera ederra izango dute datorren asteartean. Demidov iristeko larri ibiliko da giharretako arazoak medio. Bravok ez du jokatuko, epaileak txartel gorria erakutsi baitzion atzo neurketa amaitzean.
ESPANYOL 2. REALA 2
Ardoari ura bota diote
Zapore gaziko puntua eskuratu du Realak Cornella-El Praten, bi golen aldea alferrik galdu eta geroVelak sartu ditu txuri-urdinen golak, eta Demidovek bat sartu du bere atean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu