Frantzia eta Ingalaterra. Horra, 2011ko Sei Nazioen Torneoa irabazteko eta, bide batez, Grand Slama lortzeko oraindik aukerak dituzten bi selekzioak. Europako errugbi talderik onenak biltzen dituen torneoaren bi jardunaldi bakarrik iragan dira, baina dagoeneko lehiaketaren bezperan baino informazio askoz gehiago dago selekzio bakoitzaren indar eta ahuleziei buruz.
Ingalaterra eta Frantzia izan dira beren bi partidak irabazteko gai izan diren bi selekzioak. Gibeletik, Gales eta Irlanda daude, garaipen bakarrarekin, eta, azkenik, Eskoziak eta Italiak torneoko partida guztiak galtzen dituenari ematen zaion egurrezko koilara saihesteko borrokatu beharko dute. Dagoeneko, Ingalaterra eta Frantziaren arteko partidak final kutsua izanen du; hilaren 26an jokatuko da partida hori.
Bi aste barruko partidak gauza anitz erabakiko baditu ere, aitortu behar da, orain arte ikusitakoaren arabera, Ingalaterra dela faboritoa. Bera izan da, dudarik gabe, lehen bi partidetan itxura onena eman duen selekzioa. Galesi Cardiffen irabazi zion partidan (19-26), nagusi izan zen partida hasi eta buka. Aitzinean, berea izan zen indarra, defentsan ere sendo agertu zen eta gibelean ongi eraiki zituen jokaldiak.
Joan den asteburuan, berriz, aise menderatu zuen Italia (59-13). Partida horretan Chris Ashton bikain aritu zen, lau entsegu sartuta. Bera da, hain zuzen ere, orain arte gehien nabarmendu den jokalaria. Ashton bikain, eta Ingalaterra sendo. Beti bezala, Munduko Kopa hurbildu ahala sasoia hartuz doa, eta beste selekzioak baino koska bat gorago dago.
Frantziaren zalantzak
Frantzia da lehen bi partidak irabazi dituen beste selekzioa. Frantzia, baina, ez da Ingalaterra bezain osasuntsu ageri. Frantziarrek oraingoz beren lana egin dute, baina jokoari dagokionez, hainbat galdera arrapostu gabe utzi dute. Marc Lievremontek zuzentzen duen selekzioa giro gaiztoan iritsi da torneora. Ekainean eta udazkenean pattal aritu da oso, eta Australiak irrigarri utzi zuen azaroan Parisen (16-59).
Oilarraren jokalariak ez dira talde gisa jokatzen ari. Aitzinean, batez ere uztartzean, oinarri sendoak ditu Frantziak, baina gibelean sekulako nahaste-borrastea dauka. Igandean Irlandari irabazitako partidan ikusi zen hori. Lehen zatia maila tekniko negargarrian iragan zen, eta erritmo ezin motelagoan. Frantziarrek hautu taktiko okerrak bata bestearen gibeletik pilatu zituzten: zangoz jokatu ordez eskuz jokatutako baloiak, jokatu gabeko erasoaldi arriskutsuak, denbora txarrean eginiko paseak… Harrigarria izan zen jokalariak egindako aitzin pasen kopurua. Huts horiek guztiak min baten adierazle dira: Munduko Kopa hasteko zortzi hilabete eskas falta direla, Frantziak bere jokoa ez du plantan emana.
Peto horiek eginda estu eta larri dabilen Irlandari irabaztea posible bada ere, ez da aski hego hemisferioko edo Ingalaterraren gisako talde bati irabazteko. Australiak argi utzi zion, eta hemendik hamar egunera ingelesek ere beste lezio bat eman diezaiokete.
Frantzia eta Ingalaterraz gain, beste selekzioek ere epai zorrotza merezi dute. Italia da aurrera doan sentsazioa eman duen bakarra, Ingalaterrak egurra eman dion arte. Gales galduta dabil, jokoa nahasten delarik zirrikituak topatuz; baina, bestela, ezinean. Irlanda oso apal ari da, aitzinean ezin nagusituz, gibelean kolpeka aitzinatuz eta diziplina falta handia erakutsiz. Eskozia, berriz, saiatzen ari da, baina fisikoki koska bat beherago dago, eta batzuetan jokoa kudeatzeko eskarmentua falta du. Finean, torneoa ez da espero bezain ona izaten ari, eta Marc Lievremontek dioena agerian geratzen ari da: Europa errugbiaren bigarren mailan dagoela.
Argi bat laino artean
Sei Nazioen Torneoa txarra izaten ari da oro har, eta Ingalaterra da itxura ona ematen ari den selekzio bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu