Azken hiru jardunalditan, bere mailako hiru aurkariri egin behar izan die aurre Realak Anoetan, eta hiruretan lortu du irabaztea Almeria, Osasuna, eta Mallorcaren aurka. Puntu horiek sekulako lasaitasuna ekarri diote sailkapenari begira, eta gaurkoan bere helburua lortzeko bidean beste aurrerapauso handi bat eman dezake, mailari eusteko borrokan dabilen talde baten aurka: Levante. Aukera zoragarria dirudien horrek, ordea, tranpa kutsua ere badu. Argi ibili beharko du Realak, eta gorputz eta arima, beste askok baino izen gutxiago eduki arren, oso talde deserosoa delako Levante, eta Realean erabakigarriak diren zenbait jokalari kili-kolo daudelako.
Espanyolen aurkako partidak biktima zerrenda luzea utzi zuen. Zurutuza, Prieto eta Griezmannek, hiruko lerroa osatzen duten erdilariek, minduta bukatu zuten lehia. Zurutuza jokatzeko moduan egongo da, baina beste biak kolokan daude. Lesiorik ez duten jokalari guztiak daude deialdian, aipatutakoak barne, atzo Alberto Iturralde bigarren entrenatzaileak azaldu zuenez —gaixorik zegoen Martin Lasarte—. «Azken unea arte itxoingo dugu erabaki bat hartzeko. Larunbatetik hona hobera egin dute, baina oso denbora gutxi dugu». Baikor azaldu zen hernaniarra, baina argi utzi zuen ez dutela «erokeriarik» egingo.
Larunbatean Cornellan jasotako egurra atzean utzi du taldeak, eta aldarte onean dago, Iturralderen esanetan: «Emaitzaz haratago, badago gauza onak ateratzea, eta horiei heldu nahi diegu», esan zuen, lehen zatian Realak egindako joko ikusgarria aipatuz. Illarramendi deialdian da berriz ere, baina oso litekeena da Rivas eta Aranburu aritzea euskarrietan, Anoetan lortutako azken bi garaipenetan bezala. Ansotegi ere hamaikakora itzuliko da, ziurrenik. Hiru puntuak lortuta, gora begira jarriko lirateke zale gehienak, baina zuhur jokatu behar dela uste du Iturraldek: «Espanyol, guk baino sei puntu gehiagorekin, pentsatzen ari da gaur irabaziz gero lehen helburua beteko duela. Guk, 34 punturekin, ezin dugu bestelakoetan pentsatu oraindik».
Caicedok ez du jokatuko
Denboraldi bukaeran Bigarren Mailara jaisteko hautagai nagusietakoa zen Levante askorentzat, baina daraman bidea ikusita, batek baino gehiagok iritzia aldatuko zuen honezkero. Azken bost partidetatik, lau irabazi ditu. Real Madrilen aurka galdu zuen bestea Santiago Bernabeun, itxura txukuna emanda. Haren golegile nagusiak, Caicedok, min hartu zuen atzo, eta ezingo du jokatu. Albiste ona da Realarentzat, aurrelari azkarra eta indartsua delako, espazioekin arriskutsuak diren horietakoa, eta atzelari txuri-urdinek dezente sufritzen dutelako halakoen aurka. Stuani ariko da haren ordez. Bera da etxetik kanpo gol gehien sartu dituen Levanteko jokalaria.
Atzeko lerroan eskarmentu handia eta gogortasuna du Levantek. Iturraldek adierazi zuenez, erritmo handiko partida izatea eta ekimena hartzea komeni zaio Realari: «Jokoa nahasteko eta moteltzeko erabil ditzaketen estrategiak saihestu behar ditugu. Joan den denboraldian Anoetako partidan ikusi genuen zeinen talde zaila den. Zenbat eta partida garbiagoa eta arinagoa, guretzat hobe». 2-0 galdu zuen Realak joaneko norgehiagoka, joko eskasa egin eta beranduegi iratzarri ondoren. Albiste zoragarria litzateke gol aldea berreskuratzea.
Argi ibili beharko du
Sasoi bikainean eta konfiantzaz gainezka dagoen aurkaria hartuko du Realak gaur Anoetan: Levante
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu