Gescrap Bizkaia 85. Unicaja Malaga 70

Argia iluntasunean

Partida itsusia egin dute Gescrapek eta Unicajak, baina etxekoek hiruko lerroan bilatu dute garaipenaren bidea

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Jackson (14), Vasileaidis (19), Mumbru (18), D'Or Fischer (2), Banic (8) —hasierako bostekoa—; Mavroeidis (11), Grimau, Hervelle (5), Raul Lopez (8) eta Fisher.

Unicaja Malaga. Rowland (9), Fitch (17), Peric (11), Garbajosa (5), Zoric (6) —hasierako bostekoa—; Lima, Valters, Freeland (18) eta Rodriguez (4).

Markagailua. 22-17, 36-34 (atsedenaldian); 58-52 eta 85-70.

Epaileak. Sutulovic, Sahin eta Piloidis. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 8.004 ikusle Miribillako pabiloian, Euroligako Top 16ko F multzoko bigarren jardunaldiko partidan.

Bizkaiak bizirik jarraitzen du, eta ez da gutxi. Unicaja 15 puntuko aldearekin menderatu zuen azkenerako, baina garaipena bera kolokan egon zen 27. minutura arte. 27 minutu itsusi, lehiatuak baina trabatuak, jokoan asko zegoela erakusten zuen egoera. Emandako baloi asko, modu ulertezinean galdutako beste hainbeste, jokalariak lurretik zilipurdika, sistemetan oinarritutako joko gutxi eta jaurtiketetan portzentaje kaskar samarrak. Bihotzak buruari gaina hartu zion, eta zaleek sufritu egin zuten.

Lauzpabost puntuko aldea izan zutelako bi taldeek gehienez, baina errenta hori lortzen zutenean jokaldi pare batean galtzen zuten. Urduritasunaren erakusle. Indarrean hasi zen Unicaja, eta 6-11 aurreratu Garbajosak hiruko on bat saskiratuta. Unicaja zentzuz mugitzen ari zen baloia, pazientziarekin, eta beti ondoen, askeen zegoen jokalaria bilatuz. Katsikarisen lehen oihuak entzun ziren orduan, eta etxekoak defentsan estutzen hasi ziren. D'Or Fischer beldurra sartzen hasi zen, erreboteak eskuratzen, eta korrika hasi zen Gescrap. Ondorioa, Banicen bikoa eta Vasileiadisen hiruko jokaldia, bi kontraerasotan: 12-4ko partziala, eta aginte-makila etxean bueltan: 18-15.

22-17kora luzatu zen Bizkaia, eta Unicajako Fitchek belaunean hartutako kolpeak arnas pixka bat eman zien beltzekoei. Unicajako entrenatzaileak arriskatzea erabaki zuen orduan, eta inork espero ez zuenean, Joel Freeland kantxaratu zuen. Hiru asterako zeukan, hasiera batean, pibotak, baina hamar egun eskasetan osatu da. Eta nola, zortzi minutu eskasetan 12 puntu saskiratzea lortu baitzuen. Molde guztitan, gainera: bizkarreko joko onarekin, lauzpabost metroko jaurtiketa dotorearekin, saskipeko asistentziak baliatuz... Freelandi esker indartu zen Unicaja, eta Bizkaiari partida haustea galarazi.

Uneoro eduki zuen lauzpabost puntuko aldea ezerezean geratu zelako atsedenaldiaren atarian. 36-34 Bizkaiaren alde, Jacksonek azken jokaldian sartutako bikoari esker. Estatistikari errepaso azkar bat egin, eta azkar sumatzen zen non zegoen zuloa: hirukoetan. Etxeko taldean eta Unicajan. Katsikarisek bederatzi saiakera egin zituen, eta denak kale egin. Unicaja ere ondo ez: 11 ahalegin eta bakarra asmatu.

Hiruko festa ikusgarria

Ez da oso normala halako portzentaje txarrak edukitzea, eta asmatzen zuenak garaipena gertu edukiko zuela bistakoa zen. Eta zorionez, Bizkaiak asmatu zuen. Parekotasuna 27. minutura arte mantendu zen. Orain etxekoek aurretik, berehala Malagakoak... 27. minutuan katarsia gertatu zen. Mumbruk biko bat saskiratu zuen, eta Vasileiadisek beste hiruko bat. 54-50koa partzial ikusgarri baten hasiera baino ez zen izan.

Markagailuak 58-52koa erakusten zuelako hirugarren laurdenaren bukaeran, eta 72-56koa 36. minutuan. Zer gertatu zen? Mumbruk bi hiruko sartu zituela, Axel Hervellek beste bat, Vasileiadisek bi eta Raul Lopezek beste bat. Ez sinisteko modukoa. Bost hiruko zortzi minututan, eta ia denak bata bestearen atzetik etorri zirenaren sentsazio gozoa.

Partida bukaera erosoa izan zen, baina lanean jarraitu zuen Bizkaiak, puntu aldea erabakigarria izan daitekeela jakitun. Bukaeran 15 puntukoa izan zen, eta ez da txarra. Sienak atzo Real Madrili astindu handi samarra eman ostean, erabakigarria izango da hurrengoasteazkenekoa, Madrilen bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.