Lagun Arok talde handi baten beharra zenbaterainokoa den ezagutzeko aukera izan zuen atzo, Malagan, eta porrotaz gain, espero baino zigor handiagoa jasota bueltatuko da Donostiara. 15 puntu bukaeran, lau minutu lehenago garaipena nahiko gertu izan bazuen ere. 57-54raino hurbildu ziren donostiarrak, Jimmy Baron esnatu eta bost hiruko saskiratu ostean. Estatubatuarra, ordeam berandu iritsi zen atzo. Ernegatu eta bere onetik atera zuen Berni Rodriguez Unicajakoak, eta haren itzal luzea atzean uztea lortu zuenerako berandu zen. Lagun Arok oso kaskar aritu zen jaurtiketetan, %33 bakarrik asmatu zuen, eta hortik egin zion ihes garaipenak. Portzentaje txar horretan zerikusi zuzena izan zuen Unicajaren defentsa apartak.
Kostata asmatu zuten zaintzan Andaluziakoek, lehen laurdenean 13-18 aurreratu baitzen Lagun Aro. Bigarren laurdenean, ordea, saskirako bidea itxita topatu zuten gipuzkoarrek, eta sei puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituen laurden osoan. Jakina, buelta eman zion Unicajak, defentsako lan on horri esker hazi egin zelako erasoan, eta 19-6 partziala lortu. Lagun Arok 22 puntuko balorazioa zuen lehen 10 minutuak jokatu ostean. Bigarren hamar minutukoan -6koa izan zen balorazioa. Nabarmentzeko modukoa, Baronen ezina, -5 lehen erdian.
Unicaja 32-24 aurreratu zen aldageletara joan aurretik, eta bigarren erdian kontrolpean eduki zuen garaipena ia beti. Saiatu zen Doblas, bere taldea hurbiltzen, berriro partida txukuna eginda, eta Freeland eta Archibald Unicajako saskipeko bikote sendoari falta asko behartuta. 36-32 hurbildu zen aurrena, baina 43-35 ihes egin zuten etxekoek Carlos Jimenezen hiruko bati esker. 47-43 ere bai, lozorroan zegoen Baron esnatu eta bere bigarren hirukoa saskiratu ostean, baina jaiki egin zen Unicaja, mina egiteko: 54-43.
Baronek bazekien Unicajak berari egindako defentsa ona zela Andaluziakoen garaipenaren gakoa, eta konformagaitz, azken segundoa arte ez zuela etsiko esan zien pabilioia betre zuten 11.000 zaleei. Hiru hiruko saskiratu zituen bata bestearen atzetik, eta Lagun Aro 57-54 hurbildu zen. Hiru puntu, eta ia lau minutu jokatzeko.
Lehortea hondarrean
Azkenlau minutu horietan zer gertatu zen azaltzea erraza da. 12-2ko partziala etxekoen alde. Zergatik azaltzea ez da hain erraza. Ziur aski Unicajak Lagun Arok baino desio, grina handiagoa erakutsi zuen garaipena lortzeko, beste porrot batek Kopatik at geratzea suposatuko zuela jakitun, eta hortzak estutu eta bere saskiaren inguruan eraikitako armiarma sarean ito zuen Lagun Aro. Lehenago ere egin zuen, eta bidea ikasita zuela erakutsita, garaipena bereganatu zuen. Merezita. Lagun Aro ACB ligako hirugarren talde onena zela iritsi zelako Malagara, eta atzo %22 bakarrik asmatu zuelako. Bikoetan ere zer hausnartua ematen du Lasoren jokalarien portzentaje apalak: %38. Litekeena da jokalariek ez izatea euren egun onena, baina logikoena egun txar hori parean zuten jokalarien ahalegiunak eragin izana.
Lagun Arok postu batzuk egin ditu atzera sailkapenean, 10.era, hain zuzen ere, eta 7-6 balantzearekin, berdinduta dago Kopan jokatu nahi duten beste zortzi taldeekin. Fuenlabrada da, aurera hartu duen bakarra, 8-5 markarekin, baina Lagun Arok etxean jokatuko ditu hurrengo bi partidak, eta horietan etekina ateratzea derrigorrezkoa bihurtuko da, Kopa jokatzeko ametsa indarrean mantentzeko. Alacant da hurrena Donostian. Hori aurrera atera behar da, bai edo bai.
Armiarma sarean itota
Lagun Arok galdu egin du Malagan, eta espero baino zigor handiagoa jaso; %33 bakarrik asmatu du jaurtiketetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu