Lance Armstrongek bere ibilbide profesional osoan hartu zuen dopina. Oprah Winfrey AEBetako aurkezlearen saioak bart eman du Armstrongi egindako elkarrizketaren lehen zatia, eta txirrindulariak esan du USADA AEBetako dopinaren aurkako agentziak bere garaian aurkeztu zuen txostenean jasotakoa egia dela, guztia gauza bat izan ezik: 2009 eta 2010 urteetan ez zela dopatu dio.
"Nire akatsak onartu eta barkamena eskatzeko nago hemen. Frantziako Tour horietan dopatu ez ziren bostak izan ziren benetako heroiak", esan zuen txirrindulari ohiak. Azaldu zuen dopina hartzeko zuten sistema "profesionala eta inteligentea" zela, arriskurik gabekoa, baina ez zela eurena dopin programarik handiena: "Ez nuen nik asmatu kultura hau, baina ez nuen hori gelditzeko ezer egin".
Esan du elkarrizketan, gainera, inor ez zuela behartu dopina hartzera. "Ez nion inori agindu dopina hartzeko. Ni ez nintzen taldeko zuzendaria". Azaldu du, ordea, ez zuela berak batere eragozpenik dopina hartzeko: "Erraza ikusten nuen. Nire errendimendua hobetu eta azkarrago joateko modua zen niretzat. Eta karreran garbi geunden". Hauek dira elkarrizketako zenbait galdera eta erantzun:
Oprah: Hartu al duzu inoiz debekatutako sustantziarik bizikletan zure errendimendua hobetzeko?
Armstrong: Bai.
O: Horietako bat al zen EPOa?
A: Bai.
O: Egin al zenuen inoiz odol aldaketarik edo erabili al zenuen inoiz odola zure errendimendua bizikleta gainean hobetzeko?
A: Bai.
O: Erabili zenuen inoiz testosterona, kortisona edo hazteko hormonaren moduko sustantziarik?
A: Bai.
O: Frantziako Tourreko zazpi garaipenetan hartu al zenuen inoiz debekatutako sustantziarik edo egin al zenuen odol aldaketarik?
A: Bai.
O: Zure iritziz fisikoki posible al da Frantziako Tourra zazpi aldiz dopinik hartu gabe irabaztea? Zazpi aldiz jarraian?
A: Nire ustetan, ez.
O: Orain dela hamahiru urtetik behin eta berriz esan duzu ez zenuela dopinik hartzen, eta orain kontrakoa onartu duzu. Zergatik orain?
A: Hori da galdera onena, logikoena. Ez dakit, ez dut erantzun handirik. Nire erantzuna hasiko dut esanez guzti hau berandu iritsi dela. Jende gehienarentzat berandu da ziurrenik, eta hori nire errua da. Egoera hau hainbat bider errepikatu dudan gezur handi bat da, eta zuk esan duzun moduan, nire ezetza onartu nuen, egoera horretatik aterako nahi ez banu bezala.
O: Gezurti esan zenien beste pertsona batzuei.
A: Ulertzen dut. Istorio hau hain perfektua izan zen hainbat denboraz. Gaixotasuna gainditu, Frantziako Tourra zazpi bider irabazi, ezkontza zoriontsu bat, seme-alabak. Esan nahi dut, istorio perfektu mitikoa besterik ez zen, eta ez zen egia.
O: Zaila izan al zen sortu zen irudi horren parean egotea?
A: Ezinezkoa. Benetan, inperfektua naiz, dakizun bezala, eta nik ezin nuen hori egin.
Betirako zigortuta dago Armstrong, eta irabazitako titutuluak galdu ditu. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak asteazkenean Sydneyko Olinpiar Jokoetako brontzezko domina itzultzeko eskatu zion. Gaur gauean elkarrizketaren bigarren zatia emango dute.