Lance Armstrongek (AEB, 1970) aitortu du txirrindulari zen garaian substantzia batzuk hartu zituela Frantziako Tourrean errendimendua hobetzeko asmoz. 1999tik 2005era artean Tourra zazpi aldiz jarraian irabazi zuen, baina duela hilabete batzuk Tourreko antolakuntzak kendu egin zizkion garaipen haiek, dopina egotzita.
AEBetako OWN telebista saioari emandako elkarrizketa batean esan du hori Armstrongek. Etzi emango dute programa. Oraingoz, ez dute bestelako xehetasunik zabaldu.
Oprah Winfrey kazetariak egin dio elkarrizketa telebista saiorako, Armstrongen etxean bertan, Austinen (AEB). Bi ordu eta erdiko solasaldia eduki dute.
USADA AEBetako dopinaren kontrako agentziak iazko abuztuan ebatzi zuen txirrindulari ohia 1998 eta 2005 artean etengabe dopatu zela. Akusatuak ez zuen bere burua defendatzeko aukera baliatu nahi izan, "aski da!" esanda. Errugabea dela berretsi izan du behin eta berriz, eta ukatu egin ditu dopin salaketak. Hala ere, dopinaren kontrako agentziak zioen Armstrongen hamar taldekide ohik kontrakoa esaten dutela eta badaudela odol laginak dopin substantziak hartu izan dituela egiaztatzen dutenak.
"Iruzur egin digu", zioen hori jakin ostean Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) ziklista ohiari buruz.