Frantziako Tourra

Armstrongek irabazi du berriz ere

Berriz ere, Lance Armstrongek irabazi du etapa. Lidergoari eusteko ez ezik etapak irabazteko ere gai dela erakutsi du. Esprintean irabazi du gaurko etapa; haren atzetik, Andreas Kloden eta Jan Ullrich sartu dira. Ezin uka Tourrean orain dagoen txirrindularirik indartsuena Armstrong dela.

2004ko uztailaren 22a
17:56
Entzun
Ez du aukerarik eman Lance Armstrong liderrak. Iheslari guztiak harrapatu ditu Col de La Cruix Fry azkeneko mendatea igaro aurretik, eta etapa esprintean irabazi du. Gaur egun Tourrean dagoen txirrindularirik indartsuena dela erakutsi du txirrindulari estatubatuarrak.

Gaurkoa zen Armstrongi lidergoa kentzeko aukerarik onena. Izan ere, gaurkoaren ostean ez dago mendiko etapa garrantzitsurik. Txirrindulariak horren jakitun zeuden, eta ihesaldiak izan dira. Ihesaldi horietako bat nahiko luzea izan da; hasieran txirrindulari gehiago ziren, baina azkeneko igoeran hiruk osatzen zuten iheslari taldea: Virenquek, Simonik eta Moreauk. Haien atzetik, US Postalek osatutako taldea, Lance Armstrong buru zuela. US Postalek harrapatu egin ditu iheslari taldeak atzean uzten zituen txirrindulari guztiak.

Col de La Cruix Fry mendatea igotzen ari zirela, ihesean zebilen hirukotea harrapatu du US Postalen taldeak. Eraso batzuk izan dira, baina, azkenean, seikote batek osatu du lasterketaren burua. Seikotean, Armstrong, Basso eta Ullrich zeuden, beste txirrindulari batzuekin. Mendatea igarota, handik aurrera errepidean behera egin dute txirrindulariek, eta, azkenean, esprintean jokatu dute garaipena. Esprintean Lance Armstrong izan da berriz ere indartsuena, eta haren atzetik Andreas Kloden eta Jan Ullrich sartu dira.

Gutxi falta zaio Armstrongi seigarren Tourra irabazteko. Ezbehar larririk gertatzen ez bada, Lance Armstrong Tourra seigarren aldiz irabazten duen lehenengo txirrindularia izango da laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.