Frantziako Tourra

Armstrongen 'urpekoa' abian da

Discovery Channel taldeak irabazi du taldekako erlojupeko froga. Frantziako Tourraren laugarren etapa honetan CSC izan da bigarren eta sailkapen nagusian liderra zen David Zabriskiek maillot horia galdu du. Azken kilometroan erori egin da CSCko txirrindularia eta Lance Armstrong jantziko da horiz bihartik aurrera.

2005eko uztailaren 5a
19:06
Entzun
Discovery Channel talde estatubatuarra izan da protagonista laugarren etapan. Taldekako erlojupekoan faborito ugari zegoen baina Lance Armstrongen taldean poltsikoratu du garaipena.

David Zabriskieren taldea zen faborito nagusia. Lasterketa polita egin du CSCk baina azken kilometroetan aurrea hartu dio Armstrongen taldeak. Azken kilometroan irrist egin du Zabriskiek eta atzerapenarekin heldu da helmugara. Bigarren postuarekin konformatu behar izan du honen taldeak.

Maillot horia ere jabez aldatu da. Bihartik aurrera Lance Armstrong estatubatuarra izango da pelotoian horiz jantzita joango dena. Dirudienez, aurten ere aurreko bost urteetan eraman izan duen ibilbidea jarraitzeko asmoa du estatubatuarrak eta garaipenaren bila doa.

Euskaltel Euskadi ez da makal ibili. 16. postua lortu du eta bere denbora 1.14.38koa izan da.

Bestalde, Phonak taldea ez da oso fin ibili. Faboritoen artean zegoen eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan du. Aitzitik, T-Mobile Team eta Liberty taldeek lasterketa dotorea egin dute eta hirugarren eta laugarren postuak lortu dituzte.

Sailkapen orokorrean, beraz, aldaketak egon dira. Lance Armstrong estatubatuarra da liderra. Bere atzetik George Hincapie taldekidea dauka eta hirugarren postuan Jens Voigt (CSC) alemaniarra.

Biharkoan Chambordetik abiatuko da pelotoia. Bosgarren etapak 183 kilometro ditu eta Montargisen amaituko da. Armstrongen lehenengo lasterketa izango da aurten horiz jantzita doala. Estatubatuarra deabrukeriak egiten jarraitzeko asmoarekin datorrela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.