Arnasa hartuta, 2-1 jarri da Oklahoma; 83 puntutan utzi du San Antonio

Texaskoek 50 egun luze zeramatzaten partidarik galdu gabe NBAn, baina ezin izan zuten ezer egin porrota eragozteko

Andoni Urbistondo.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bizirik jarraitzen du Oklahomak, eta San Antoniori lanak emateko borondate guztiarekin. Irabazi beharreko norgehiagoka jokatu zuten atzo, galtzekotan NBAko final handitik kanpo geratuko zirelako. Irabazi egin zuten, baina, eta aise: 102-83. Garaipen hori zaleen epelean lortu bazuten ere, meritu handikoa da, San Antoniok 20 garaipen baitzeramatzan jarraian. 50 egun pasatu, partidarik galdu barik, kanporaketak barne, eta aurrenekoa, behintzat, galdu du. Astindu handi samarra jasota.

Oklahomak defentsa bikaina egin zuen, Thabo Sefolosha eskoltaren bitartez, batez ere. Suitzakoak hiru baloi berreskuratu zituen lehen lau minutuetan, eta San Antonio azkar jabetu zen hirugarren garaipena lortzea lan aski zaila izanen zela. Sefolosha, defentsa lan onarekin konforme ez, eta bere taldeko saskiratzaile onenetan bigarrena izan zen, 19 punturekin. Onena, noski, Kevin Durant izarra izan zen, 22 punturekin, baina Oklahomak talde lan ona egin zuen, San Antoniok egin ohi duen moduan: Durantek 22, Sefoloshak 19, Hardenek 15, Ibakak 14 eta Westbrookek beste 10.

San Antonio nahi eta ezin ibili zen, Oklahomak zorrotz zaindu zituelako Tony Parker eta Manu Ginobili. Argentinarrak aspaldiko partida kaskarrena jokatu, eta zenbaki tristeekin hartu zuen aldageletarako bidea: zortzi puntu, baina %25eko portzentaje apala jaurtiketetan. Stephen Jackson eta Parker 16 punturaino iritsi ziren, eta Tim Duncan 11 puntutan geratu zen. Oklahomak etxeko lanak eginak zituela iritsi zen lan erditara, 54-41, eta bigarren zatian 20 puntuko aldeak ere izan zituen sarri.

Tim Duncanek eraztuna lortzeko helburua dauka, eta ez zen pozik erretiratu partida bukaeran, baina urtetan gogoratzeko moduko errekorra lortu zuen partidan. Kanporaketetan txapel gehien jarri dituen jokalariarena, hain zuzen ere. Duncanek, 36 urterekin, bost txapel jarri zituen, lau atsedenaldira iritsi aurretik, eta Kareem Abdul-Jabbar jokalari mitikoak zeukan marka ondu zuen. 476 txapel jarri zituen Jabbarrek, bi gehiago ditu dagoeneko Duncanek, eta Jabbarrek baino urte kopuru txikiagoan lortutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.