Urrea nahi zuen, eta zilarra bestela. Baina brontzezko domina ederrarekin bukatu du Richard Oribe igerilari donostiarrak Paralinpiar Jokoetako ibilbidea. Estilo libreko 200 metroko finalerako sailkatu zen goizean, denbora onenetan laugarrena eginda, eta brontzezko domina lortuta oheratu zen iluntzean. Hamaseigarren domina du Oribek Paralinpiar Jokoetan. Harrigarria. Laugarren postua lortu zuen 50 metrokoan; zilarra 100 metrokoan; eta brontzezkoa 200 metrokoan. Inoizko euskal paralinpiarrik onena da.
Bigarren txandan aritu zen goizean, eta David Smetanine frantziarrak soilik hartu zion aurrea. 3.05,71; hori izan zen donostiarraren marka. 3.03,82 frantziarrarena. Lehen txandan, Gustavo Sanchez Martinez mexikarrak egin zuen denborarik onena: 3.02,79. Kyunghyun Kim hegokorearrak ere Oribek baino marka hobea egin zuen goizean (3.05,65), baina arratsaldean une oro kontrolpean eduki zuen domina donostiarrak.
Lehen 50 metroak eginda, mexikarraren gain-gainean zegoen Oribe, bigarren postuan, baina bigarren luzean aurrea hartu zion Smetaninek, eta gipuzkoarra ez zen gai izan frantziarraren erritmoari eusteko, azken metroetan izugarri estutu zuen arren. Ordubete geroago aritu zen lehian Ander Romarate, 4x100 erreleboetan, Espainiako selekzioarekin. Eta denbora onenetan zortzigarrenarekin etsi behar izan zuten.
Saskibaloian ere izan zen euskal kirolari bat atzo: Asier Garcia bizkaitarra. Bosgarren postua lortu zuen Garciak Espainiako selekzioarekin; postu ona. Kanadaren aurka galduta, dominen borrokatik kanpo geratu zen bizkaitarra, baina azken bi partidak irabazita, Espainiako selekzioak bosgarren amaitu ditu, azkenean, Paralinpiar Jokoak. Espainiak 48-67 irabazi zion atzo Alemaniari; zortzi puntu, bi azken pase eta bi errebote pilatu zituen Garciak.
Eta Oribe, Romarate eta Garciarekin batera, Aitor Oroza ere lehian izan zen atzo, txirrindularitzako errepideko proban, T1-T2 mailan. 13. postua eskuratu zuen azkenean, 1.07.57 orduko denborarekin. David Stone britainiarrak irabazi zuen urrea, Giorgio Farroni italiarrak zilarra, eta David Vondracek txekiarrak brontzea. Gaur amaituko dira Paralinpiar Jokoak.
Arrakasta biribiltzeko
Richard Oribe igerilari donostiarrak brontzezko domina irabazi du estilo libreko 200 metroko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu