Partida historikoa du bihar Realak Anoetan. Espainiako Kopako finalaurreko itzulikoan, 2-0eko kontrako emaitza irauli beharko dute txuri-urdinek, finalera igaro nahi badute. 26 urte dira donostiarrek ez dutela kopako finala jokatzen, eta 27 urte ez dutela irabazten.
Prentsaurrean hitz egin du Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaileak biharko norgehiagokaren harira. Esan du "ahalegin berezia" egin behar duela taldeak, "aukera aprobetxatzeko". Nabarmendu du "bizirik" dagoela txapelketan Reala oraindik, eta jokalariak gogoz eta ilusioz daudela azaldu du.
Giroa gero eta beroago Donostia aldean, partidaren kontura. Gaur zabaldu dituzte txarteldegiak, eta ireki bezain azkar joan dira zaleak sarrerak erostera. 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara izango dira zabalik txarteldegiak.
Klubak berak dei egin die zaleei Anoetara joatera, eta, #ezhutsegin etiketapean, taldeari bultzada emateko prest agertu dira hainbat zale. Jokalariak ere gogoz daude biharko partidarako, hainbatek sare sozialetan idatzi dutenez.
Asteazkenen momentu historiko baten aurrean gaunde, ea denok anoetan batzen garen💪
— David Zurutuza (@DZurutuza) February 10, 2014
Hain justu, Bartzelona izan zuen aurkari Realak 1987-88ko sasoiko finalean. Galdu egin zuen, baina kopa hark utzi zuen biharko partidan itxaropena izateko daturik ere. Real Madril izan zuen aurrean finalaurrean, eta 0-4 irabazi zuten txuri-urdinek Santiago Bernabeun.
Bartzelonaren kontra, berriz, iazko ligako partida gogoan dute zaleek. San Sebastian egunaren bezperan, 0-2 galtzen hasi eta 3-2 nagusitu ziren gipuzkoarrak, azken minutuetan Imanol Agirretxek garaipenaren gola eginda. 2-0 irabazi behar die Realak katalanei gutxienez kanporaketa berdintzeko, eta, Bartelonak gol bat sartuz gero, lau egin beharko lituzkete donostiarrek. Hainbat bideoren artean, Bartzelonaren kontra Realak sarturiko golen bat sareratu dute:
[Youtube]http://youtu.be/y8fxmTIwf84[/Youtube]