Partida zaila zeukan Arratek atzo Asobal ligako laugarren jardunaldian, Ademar Leonen aurka, eta ez zen gai izan ezustekoa emateko. Petricevicen golari esker, partida 10-10 zegoen 23. minutuan, baina lehen zatiko azken bost minutuetan, eta bigarreneko lehen hamarretan hautsi zuen Ademarrek lehia. 2-12ko partziala eginda, 12-22 jarri zen aurretik. Zortzi minututan 6-0eko partziala eginda, Arrate 19-23 gerturatu bazen ere, azkenerako 24-28 galdu zuten etxekoek. Gipuzkoarrek puntu bakarra daukate.
Lehen hiru partidetatik bi galduta, berriz, puntuak pilatzen hasi beharra dauka gaur San Antoniok. Sagunt igo berriaren aurka jokatuko dute iruindarrek, etxean (18:30). Hiru punturekin dago Sagunt, eta jaitsiera saihesteko borrokan aurkari zuzena da. Santi Urdiales ez da kantxan izango, min hartuta baitago, eta Ristanovic eta Lucau atezainak ere zalantza dira azken unera arte.
Itxako eta Bera Bera ere, gaur
Vicar Goya-Itxako (19:00) eta Castro-Bera Bera (19:00). Horiek dira ABF ligako bi euskal taldeen gaurko partidak. Lehen postuari eusteko erronka daukate nafarrek, ligako azken-aurreko sailkatuaren kantxan. Lehen jardunaldian 20-27 galdu zuen Vicar Goyak Eldaren aurka, eta bigarren partidan Elxen aurka galdu zuen, 30-24. Taldea asko aldatu dute espainiarrek, eta espero baino maila baxuagoan ari dira. Hori bai, Manu Etayo Itxakoko bigarren entrenatzaileak abisua eman du: «Vicarrek beti zailtzen dizkigu gauzak. Oso iaioak dira defentsa irekietan, eta horrek asko zailtzen du sormen lana».
Donostiarrek, berriz, lehen lau sailkatuen artean sartzeko balentria gauzatzen hasi nahiko lukete gaur, Castro bosgarren sailkatuaren kantxan. Seigarren daude donostiarrak, partida bat irabazita eta bestea galduta. Gaurko aurkaria bosgarren dago, jokatutako bi partidak irabazita, aurretik dituen beste lau taldeak bezala. Donostiarrek ere aldaketa bat baino gehiago izan dute taldean, baina Europako postuei begira jarraitu nahi dute.
Arratek 24-28 galdu du etxean, Ademar Leonen aurka, eta zuloan sartu da
Lehen 25 minutuetan lan bikaina egin dute eibartarrek, baina 10-10etik 12-22ra igaro da Ademar Leon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu