Arratek arnasa hartu zuen atzo, eta denboraldiko bigarren partida irabazi zuen Toledoren aurka, Ipuruan (29-28). Arazo ekonomikoen erruz liga hasiera ez da erraza izaten ari, eta atzoko puntuekin jaitsiera postuetatik ateratzea lortu zuen Eibarko taldeak. Aukera ezin hobea zen, aurkaria azken sailkatua baitzen, eta partidarik irabazi gabe jarraitzen du. Halere, sailkapenak pentsarazi dezakeena baino askoz gogrragoa izan zen partida, eta bigarren zatiaren hasieran gol errenta politak izan zituen arren, Arratek gorriak ikusi zituen irabazteko. Azken minutuan, baina, finago ibili zen, eta Bojan Beljanskiren gol batek erabaki zuen partida.
Arratek urduri ekin zion lehiari, baina lehen zatia luzatu ahala aldea ireki zuen. Voncina atezainak lehen zati bikaina egin zuen, eta Berriosek zazpi gol sartuak zituen atsedenaldirako (13-10). Bigarren zatiaren hasieran ere Eibarko taldeak ondo eutsi zion aldeari (26-22, 41. min.), eta partida bukaera gozoa izango zela zirudien. Baina aldea hiru minututan xahutu zuen (26-26, 45. min), eta Toledo aurretik jartzera iritsi zen (26-27). Halere, eta ia ezinezko zirudienean, Arrate suspertu egin zen eta partida berdindu zuen azken minutuan. Kirio saltsan, Beljanski etxekoen pibotea izan zen argiena eta berak sartu zuen azken gola.
Bestalde, San Antoniok eta Akaba Bera Berak gaur jokatuko dute, etxetik kanpo biek. Iruñeko taldeak Naturhouse-i egingo dio bisita Logroñon (18:30), eta azken asteetako emaitza bolada ona luzatzen saiatuko da. Juanto Apezetxeak Alvarez erdikoa berreskuratu du deialdirako. Akaba Bera Berak, berriz, Eldan jokatuko du, Elda Prestigioren aurka (18:30). Ez da partida samurra izango, sailkapeneko bigarren postuan jartzea baitute jokoan bi taldeek.
Arratek arnasa hartu du etxean Toledori irabazita (29-28)
Eibarko taldea ia bigarren zati guztian aurretik egon den arren, gorriak ikusi ditu azken sailkatuari irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu