Arratek Guadalajaran irabazi nahi du bihar, behingoz arnasa hartzeko

Eibarko taldeak bi puntura ditu jaisteko postuak, Asobal liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ezer ez da aldatu Asobal ligako azken postuetan. Arratek suspertu ezinik jarraitzen du. Dagoeneko bederatzi partida daramatza irabazi gabe, baina bolada txar horrek ez du ondoriorik izan sailkapenean, taldea jaisteko postuetatik kanpo baitago, eta mailari eusteko aukera dezenterekin.

Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla, Arratek bi puntura ditu jaisteko postuak. Toledo da azken-aurrena sailkapenean, baina Espainiako taldeak eibartarrek baino neurketa bat gehiago jokatu du —herenegun jokatu zuen, eta 30-28 galdu zuen, CAI Aragoiren aurka—. Hori gutxi balitz bezala, Arratek eta Toledok berdinduta amaituz gero, euskal taldeak eutsiko lioke mailari, gol aldeari esker. Beraz, benetan hiru puntukoa da bi taldeen arteko aldea. Abantaila polita da, are gehiago kontuan hartuta Toledok gehienez zortzi puntu lor ditzakeela hemendik denboraldia bukatu bitartean.

Arratek, baina, ez du azken jardunaldira arte zain egon nahi. Lehenbailehen egin nahi ditu etxeko lanak, eta mailari eutsi. Eta, hori lortzeko, urrats handia egin dezake bihar, Guadalajararen pistan irabazita (18:00). Eibartarren aurkariak jada ez du ezer jokoan: ezin da Europarako sailkatu, eta ezin du maila galdu. Beraz, etxekoen aurrean itxura ona eman eta partida irabaztea besterik ez du jokoan. Eta hori baliatu nahi dute eibartarrek, berentzat agian funtsezkoa den garaipena lortzeko. Horretarako, CAI Aragoiren aurkako azken partidako zenbait unetan erakutsitako grina biziarekin aritu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.