Arrauna

Arraun Lagunak Orioko estropadatik kanpo, koronabirusagatik

Taldeko arraunlari batek COVID-19an positibo eman zuela eta, 'Lugañene' ontzia ez zen lehiatu atzoko Orioko estropadan.

jarraia184569.jpg
Oihane Puertas-Mikel O. Iribar
2020ko uztailaren 20a
13:18
Entzun

Donostiako Arraun Lagunak-eko arraunlari batek positibo eman zuen COVID-19an larunbat gauean. Hala, taldekide guztiak konfinatu zituzten, eta ezin izan zuten parte hartu igandeko Euskotren Ligako seigarren jardunaldian, Orion.

Arraunlaria ostegunetik konfinatuta zegoen, haren senide batek positibo eman baitzuen. Ostiralean egin zioten PCR proba, eta larunbatean jaso zuen emaitza. Positibo eman zuen. Horiek horrela, Arraun Lagunak-eko arraunlariaren emaitza jaso bezain laster taldeak Traineru Kluben Elkarteari jakinarazi zion. Albistea jasota, TKEko arduradunek osasun protokoloa aktibatzea erabaki zuten. Taldeko arraunlari eta teknikariek bihar egingo dituzte PCR probak, klubean beste positiborik dagoen jakiteko.

Alabaina, Donostiako taldeari jakinarazi diote Osakidetzak ez duela onartu TKEren osasun protokoloa. Ondorioz, TKEk Osakidetzaren esku utzi du gai horren jarraipena egitea, eta, horrenbestez, bihar egingo dizkieten probak ez dira nolabait aintzat hartuko, larunbatekoak baizik. Oraintxe, Arrauneko arraunlari eta teknikari guztiak itxialdian dira gutxienez larunbatera arte, eta, Osakidetzak dioenaren arabera, aste honetan ezingo dira taldean entrenatu, ezta datorren asteburuan lehiatu ere.

Egoera «kaotikoa» dela onartu du Ekain Iriarte Arraun Lagunak-eko entrenatzaileak. Halere, lasai mintzatu da: «Egoera hau taldekideon artean ahalik eta ondoen eramaten saiatuko gara. Astean zehar taldean positibo gehiago egongo balira, nolako eragina izango lukeen aztertuko genuke. Protokoloa zorrotz beteko dugu. Gure lehentasuna da gure ingurukoak osasuntsu egotea».

Atzoko estropada ez jokatzea, ordea, kolpea izan da Arraunentzat. «Astez aste hobetzen ari ginen [azken bi jardunaldietan bigarren eta hirugarren egin zuten], eta atzoko estropadan lan txukuna egiteko gogoz ginen. Pena handia izan da», azaldu du Iriartek.p>

Orioko estropadatik kanpo gelditu baziren ere, TKEko Lehiaketako Araudiak dioenaren arabera, Arraun Lagunak-ek bi puntu jaso zituen Euskotren Ligako sailkapen orokorrean, hori baitzen aurreko bost jardunaldietan lortutako puntuen batez bestekoa —bederatzi puntu zituen guztira—.

Donostiarrarentzat bigarren bandera

Donostiarra izan zen nagusi atzoko Orioko estropadan. Etxekoak bigarren izan ziren, garailearengandik zazpi segundora, eta Hondarribia hirugarren, 30era. Euskotren Ligako sailkapenari dagokionez, Oriok jarraitzen du lider, 22 punturekin; Donostiarra doa bigarren, hemezortzirekin; Arraun Lagunak-ek du hirugarren postua, hamaika punturekin; eta Hondarribia da azkena, hamarrekin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.