Eta ziur, atzo sailkatzea lortu zutenek poza sentitu zutela. Faborito nagusiek, Castrok, Urdaibaik -onena atzo, denbora bikaina eginda-, Oriok, San Pedrok eta Astillerok alegia, ez zuten hutsik egin. Lehian egongo dira hurrengo bi igandeetan. Zarautz eta Pedreña, ordea, San Miguel ligako bosgarrena eta seigarrena, ez ziren hain fin ibili eta kanpoan gelditu dira. Azken hilabetean gora egin duen Hondarribiak eta Tiranek aurrea hartu zieten. Traineru galiziarrak ezustekoa eman zuen, 2004an edo iaz bezala. Barrurantz azkar etorri zen.
Horiek bai, horiek sentitzen zuten poza adierazi zuten euren keinu eta adierazpenetan; San Pedrokoek, bezalaxe. Izan ere, orain bi urte KAE (Kantauriko Arraun Elkartea) ligan lehiatzen ari zen, eta bi urtego geroago, aldiz, urteko estropadarik onenean ariko da, bederatzi urteren ondoren.
Baina gainontzekoak, pozez gainezka baino, lasaitua hartuta zeuden. Zama handi samarra kendu zuten gainetik, eta lasai. Faboritoak izanda presiopean aritu ziren, baina ez zuten hutsik egin; ezin zuten kale egin gainera, bestela... Egindako lana beste kontu bat da. Arraunlarien esanetan, sailkatzeko estropadan egindakoak ez du hurrengo bi igandeetarako balio, baina atzo gauza bat, behintzat, argi ikusi ahal izan zen: Urdaibai primeran ibiltzen da poparean.
Ziabogan Oriorena zen denbora onena, eta sei segundo ateratzen zizkion Urdaibairi. Bueltakoan, berriz, 18 segundo kendu zizkion Bou Bizkaia ontziak Mirotza-ri. Alde handia da hori. Dena den, ez da Patxi Bilbaoren arraunlariek poparean ematen duten aurreneko erakustaldia. Sasoi honetan ere barruranzko luze oso onak egin zituzten Castroko edo Hondarribiako estropadetan, esaterako. Itsasoa nahasi antzean zegoela baliatu zuten alde horiek lortzeko. Halere, ez zen erraza olatuak hartzea. Hala, Asier Zurinaga patroia fin ibili zen atzokoan. Uharte parean, badiak eta itsasoak elkar hartzen duten tokian, pare bat olaturen gainean jarri zuen trainerua, eta Urdaibaik abiadura bizian osatu zituen azkeneko metroak. Ondoko arraunlariak kokatu ziren atzo, Bou Bizkaia traineruaren tostetan: estriborretik Carrion, Bereziartua Txatua, Arrizabalaga, Duñabeitia, Zabala eta Gorka Olazar; eta ababorretik Rodriguez, Polo, Portularrume, Banica, Gaizka Olazar eta Millares. Zulaika izan zen aurrekoa.
Estropada handia osatu zuten arraunlari horiek. Oriok ere bai, egia esan. Joxean Olaskoaga Aizperro-ren arraunlariek eskatu zitzaiena egin zuten, eta 18. aldiz jarraian Kontxan ariko dira. Ohi duten legean indartsu atera ziren, eta brankaz sekulako lana egin zuten. Ziabogan, Mirotza-rena zen denbora onena. Poparean, agian, ez dabil beste traineru batzuk bezain fin, baina ez zen eremu nahasian kateatu. Ondo eutsi zion. San Pedrok, berriz, eutsi baino gehiago, hautsi egin zuen barruranzkoan. Urdaibairen atzetik, Libia-rena izan zen denbora onena poparean. Erlojuaren kontrako estropadetan traineru fidagarria da Aitor Baldak prestatzen duena. Horiek ez zuten euren poza ezkukatu. Egia esan ezkutatuta ere, ezin izango zuten disimulatu. Normala da.
Castro, erotu gabe
Castrokoek, aldiz, sailkatutakobesteek baino apur bat gehiago sufritu zuten, agian. Ziabogan lau ontzi zituen aurretik, eta Zarautz, berria, parean. Pasa den igandean gertatutakoa gogoan, La Marinera-rakoak ez zeuden erabat lasai. Halere, barruranzkoan ez ziren erotu, ez zuten arraunketa galdu, eta lehian egongo dira. Astillerokoak ere bai, bi urteren ondoren. Traineru indartsua da San Jose XIII.a; izua ere eragiten du. Izan ere, 2003an eta 2004an Kontxa irabazi zuen traineruko zenbait arraunlarik -Vallejo, Pazos, Monteserin, Rua, Matei, Bolado...- jarraitzen dute taldean, eta aurten jokatutako estropada guztiak irabazi ditu. Aise sailkatu zen, baina Jose Manuel Francisco ez zegoen gustura egindakoarekin. Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzailea, berriz, bai. Ez zuten euren poza ezkutatu. Askotan esan bezala, gorantz egitea eta Kontxan sartzea zen euren helburua, eta bete dute. Zarauzkoek, aldiz, ez. Poparean ez zuten asmatu eta kanpoan gelditu dira, 2006an eta 2007an gozatuak hartu eta gero. Zumaiakoak ere ez zeuden gustura. Kaiku, berriz, bederatzigarren. Jose Luis Korta jarri zen ontziaren popan eta Norberto Torres Txirri beteranoa utzi zuen kanpoan. Pena eta mina aurpegian ere nabaritzen zitzaizkion Txirriri, kaiko aldapatxoan.
Zenbakia
60
Positiborik ez. Dopinaren kontrako kontrola egin zitzaien estropada hasi baino lehenago 15 trainerutako 4 arraunlariri, 60ri guztira, eta bakar batek ere ez zuen positibo eman.Erreakzioak
«Denbora ona egin dugu baina horrek ez du ezer esan nahi»
Patxi BilbaoUrdaibaiko entrenatzailea
«Lasaitasuna eta poza, biak sentitzen ditut une honetan. Halere, apur bat urduri nago, txanden zozketaren zain. Gaur denbora ona egin dugu, baina horrek ez du ezer esan nahi. Iganderako lehen txanda nahi dut, eta Castro, Orio era Astillero parean ditugula».
«Sailkatzeko ez ezik, denbora ona egiteko lehiatu gara»
Axier KolinaOrioko arraunlaria
«Poza baino, lasaitasuna sentitzen dut. Iaz asko sufritu nuen, taldeak irabazi arren kanpoan galditu nintzelako. Kirolariak, berez, nahiko berekoiak gara. Estropada nahiko biribila egin dugu, azkeneko zatia arte. Sailkatzeko ez ezik, denbora ona egiteko lehiatu gara».
«Bagenekien gauzak ondo eginda barruan ginela»
Aitor BaldaSan Pedroko entrenatzailea
«Aspaldiko partez barruan gara berriz. Arraunlariak oso pozik daude, helburua bete dugulako. Bagenekien gauzak ondo egiten bagenituen barruan izango ginela. Itsaso txarra zegoen, baina ondo ibili gara. Orain, ez daukagu ezer galtzeko, eta zergatik ez dugu bandera irabaziko?».
«Egurreanetorri gara, bainaez dugu gozatu»
Joseba ArbonaAstilleroko patroia
«Sentitzen dut gure helburua bete dugula, besterik gabe. Egurrean egin dugu barruranzko luzea, baina ez dut uste arraunean ondo egin dugunik. Ez dugu gozatu, eta hori da emaitza. Irabazteko moduan gaude, hori da gure asmoa, eta, gainera, taldea ondo dago».
«Poparean asko ibiltzen dela erakutsi du Urdaibaik»
Juan Mari EtxabeCastroko entrenatzailea
«Lasai nago orain, helburua bete dugulako. Sartu behar genuenak sartu garela uste dut, eta presioa kendu dugu gainetik. Tiranek egindako denborak harritu nau; ez dakit gu gaizki ibili garen edo beraiek oso ondo. Poparean asko ibiltzen dela erakutsi du Urdaibaik».
«Ondo ari gara lanean, eta gure helburua bete dugu»
Mikel OrbañanosHondarribiko entrenatzailea
«Gure buruari jarritako helburua bete dugu. Bagenekien uda gogorra izango zela, baina bagenekin, aldi berean, gaurko estropada garrantzitsua zela. Izan ere, iruditzen zait Hondarribia bezalako herri bat Kontxatik kanpo gelditzea gogorra dela. Ondo ari gara lanean».
«Eremu honek zortea ematen digula uste dut»
Lucas RodriguezTirango arraunlaria
«2004an TKE ligako azkenak ginen eta sailkatzea lortu genun; eta iaz ere bai, liga nagusian egon ez arren. Beraz, ez dakit, eremu honek zortea ematen digula uste dut. Barruranzkoan olatuak bata bestearen atzetik hartu ditugu eta hor dago emaitza. Oso-oso pozik gaude».
«Disgustua handia da. Ez genuen espero»
Unai LuzuriagaZarauzko arraunlaria
«Estropada honetan egin daitekeen posturik txarrena zortzigarrena da, eta guri tokatu zaigu. Barrurako luze txarra egin dugu, eta erreferentziarik gabe ibili gara, gainera. Bagenekien gaizki ari ginela baina ez genuen espero kanpoan gelditzea. Disgustu handia hartu dugu».