ARRAUNA. TKE LIGA. Larunbatean ere bai

Hondarribia erraz nagusitu da Laredon, TKE Ligako bosgarren estropadan, eta lider jarri da

Igor Susaeta.
2005eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Larunbatetan Astillero eta igandeetan Hondarribia. Horretara ohituta zeuden zaleak eta kirolariak. Horretara ohituta zegoen TKE (Traineru Kluben Elkartea) Liga ere. Atzo baina, Laredon jokatutako bosgarren proba puntuagarrian, Ama Guadalupekoa nagusitu zen, orain arteko dinamikarekin hautsiz. Eta nola nagusitu gainera! Mikel Orbañanosek prestaturiko mutilek bederatzi segundo kendu zizkioten bigarrena izan zen Pedreñari eta hamalau, Castrori; hirugarrenari, alegia. Hondarribia, halaber, Ligako lider berria da. Bost probetatik hirutan gailendu dira. Igandeetan ez ezik, larunbatetan ere. Zoragarri.

Ezin lehiaketako beste nagusiaz gauza bera esan. Hartara, Astillero pattal aritu zen, eta bere patroiak atzo egunkari honetan aipatzen zuen «estropada txarra» osatu zuen. Seigarren izan ziren amaieran. Orio, berriz, txukun. Aurreko probetan baino hobeto aritu zen eta laugarren izan zen. Ondo, beraz.Txandak gora eta txandak behera. Ontzi indartsuenak bata bestearen ondoan, parez pare arraunean ikusteko gogoa zuten zaleek. Baita arraunlariek beraiek ere. Hala, txanden arteko aldeak agerian gelditu ziren Laredoko uretan. Orio hirugarren izan zen eta Astillero bosgarren. Orio bigarren txandan aritu zen eta Astillero, aldiz, nagusian. Bestelakoan, txandetako ordena bera, azken sailkapenean ere.Ligako bi nagusien arteko lehia ikusgarriaren esperoan zegoen jendea. Orain artean, aurten behintzat, parez pare lehiatu gabeak ziren. Hasierako txanpan baina, Astilleroren eguna ez zela izango nabaritu zen. Jose Luis Franciscoren mutilek haustera irteteko joera dute, estropada lehendabiziko arraunkadetan erabakitzeko ohitura. Hondarribia izan zen atzo, ordea, kantabriarren joko moldea bereganatu zuena. 50 arraunkada minutuko. Sutan. Pedreñak eta Castrok, Hondarribiak botatako hordagoa hartu zuten. Akaberan ez ziren damutuko, estropada bikaina osatu zutelako, baina Ama Guadalupekoari jarraitzea ezinezkoa izango zela konturatu ziren bigarren baliza atzean uztearekin bat. Aipagarria, maisu lana, Joseba Amunarrizek egindako maniobra. Gaur, liderraren elastiko gorria eramango du soinean. Helmugara arteko bi luzeak abantailak handitzeko baliatu zituen Hondarribiak. Aizperro, Orbañanos, Puertas lehengusuak edota Kanpandegi. Koadrila bikaina du Hondarribiak. Arraunkera ere berezia dute. Ez gara euren dohainak laudatzeaz aspertuko.Oriok ere bizirik dagoela erakutsi zuen atzo. Laugarren, eta Castro bi segundora bakarrik. Jon Salsamendik txanda nagusian nahi du bere ontzia. Zazpi puntura dute Castro. Ez da erraza izango nagusien eta bi oilarren, Pedreñaren eta Castroren artean alegia, branka sartzea.Aurreneko txandan Pasai Donibane eta Isuntza izan ziren protagonistak. Trintxerpe eta Urdaibai, ordea, berriz ere eskas. Segundo tartea arduratzeko modukoa, gainera: hamargarren postuan bukatu zuen Isuntzak, zortzi segundo kendu zizkion Trintxerperi. Askotxo.Seigarren proba puntuagarria jokatuko da, gaur, Astilleron, erlojuaren aurka (12:00). Etxekoek arantza atera nahiko dute.

Entrenatzaile berria du Trintxerpek

Gaizka Garmendia da Trintxerpeko entrenatzaile berria. Garmendia ontziaren patroietako bat da, baina hemendik aurrera ontziaren prestakuntza ere bideratuko du. Mattin Olasagasti ordezkatuko du zarauztarrak.

Sailkapenak



TKE LIGA



1. Hondarribia 55 puntu2. Astillero 53 pt.3. Pedreña 50 pt.4. Castro 43 pt.5. Orio 36 pt.6. Arkote 35 pt.7. Mecos 31 pt.8. Cabo da Cruz 29 pt.9. P. Donibane 24 pt.10. Isuntza 13 pt.11. Urdaibai 13 pt.12. Trintxerpe 8 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.