Bezperan Castron bezala, Astillero eta Hondarribia gainerakoak baino gehiago direla agerian gelditu zen atzo Lekeition. Itsasoa zakar antzean zegoen, haserre samar, eta Jose Luis Kortak Castroren popan jartzea erabaki zuen. Lehengo legean. «Kontuz gaur La Marinera-rekin», zioten arraunzaleek lehorrean. Ez zuten asmatu. Korta ontzi barruan egonda ere, Astillero eta Hondarribia dira nagusiak. Kanpoko balizetarantz egindako lehen luzean ondotxo ikusi zen hori. Olatuen aurka, ontzi indartsuenak brankan. Maniobran, kantabriarrak aurretik; hondarribiarrak, ordea, segundo bakar batera. Gozamena da begientzako Ama Guadalupekoa-ren maniobra bat gertutik ikustea. Hori bikain eginda ere, hurrengo ziabogarako bidean arraunean egin behar da, eta, atzo, Astillero gehiago izan zen. Gainera, barruranzko luzeetan primaren harrapatu zituen zenbait olatu; gainean, hegan, etorri zen behin baino gehiagotan. Nabarmentzekoa, beraz, Izortz Zabala patroiaren lana. Bigarren balizan, hamar segundo kentzen zizkion Hondarribiari. Okerrik ezean, San Jose XIII.enarena zen bandera. Eta herenegun Castron ez bezala, ez zuten hutsik egin. Denboraldiko laugarren trapua eurentzat, denbora ederra eginez gainera. Hondarribia, bigarren, eta Pedreña eta Castro, ordea, itsaso zakarrean galduta.Hartara, Pedreñaren aurretik sailkatu zen Arkote, bigarren txandako garailea. Patxi Bilbaoren mutilek estropada bikaina osatu zuten. Eurak izan ziren azkarrenak, nagusiak alde batera utzita. Gustura, harro zegoen Bilbao beren mutilen lanarekin. Orio... helburuak bete ezinda. Cabo hainbestean eta Mecos, berriz, hondoratuta.
Isuntza, Urdaibairen aurretik
Txandakideak baino gehiago da Pasai Donibane. Azken lau probetan ikusi da hori; atzo ere bai. Isuntza, zaleen babesean, pasaitarrekin lehian aritu zen baina ezin izan zion erritmoari eutsi. Urdaibai, behintzat, atzetik izan zuen. Ez da gutxi.
TKE Liga
1. Hondarribia 89 puntu2. Astillero 88 pt.3. Pedreña 74 pt.4. Castro 70 pt.5. Orio 61 pt.6. Arkote 58 pt.7. Cabo da Cruz 48 pt.8. Mecos 45 pt.9. Pedreña 37 pt.10. Isuntza 24 pt.11. Urdaibai 22 pt.12. Trintxerpe 11 pt.