Enpresen Ligak atzo aurkeztu zuen Binakako Txapelketa Bilbon. Aurkezpenak ikusmin handia sortu zuen, asko baitziren argitzeke zeuden zalantzak. Handiena Aspeko atzelari laukotea zen, eta han baturikoak harri eta zur gelditu ziren. Txapelketa aurreko kinieletan inor gutxik jotzen zuen Oskar Lasaren alde, Etxarrikoak binakako azken bi txapelketetan hamaika partida jokatu baititu eta bi baino ez baititu irabazi. Atzelari beteranoak barrenak ondo hustu zituen mikrofonoen aurrean: «Kazetari ahobero asko isilarazi ditut». Goñi III.a kolokan zen halaber, Zubirikoa ikusteak baina ez zuen hainbeste harridura sortu.
Aurkezpenean ez zeudenek ere zeresana eman zuten, Laskurain edo Barriola bertan egotea espero zelako. Soraluzeko atzelariak maila bikaineko partidak jokatu ditu azkenaldian, eta txapelketan egotea merezi du. Barriolak txapelketan ez sartzea bizkarreko handia izan zela onartu zuen, eta ez zuela uste erabakia kontratu luzapenaren negoziaketen ondorio zenik. Patxi Mutiloak, Aspeko gerenteak,atzelarien hautaketan sendotasuna bilatu dutela nabarmendu zuen, eta denborak esango duela erabaki egokiak izan diren ala ez.
Atzelariak hautatzeko sendotasunaren bila joan baziren, ezin gauza bera esan aurrelarien artean, min hartuta egon arren Xala hasieratik sartu baitute. Asegarcek ere berdin egin du Aimar Olaizolarekin. Goizuetarrak meniskoko zurdak bihurritu ditu eta ,halere, txapelketan egongo da. Cha- feek bi astez ordezkatuko du Xala, eta Kokak hiruz Olaizola. Arautegia aldatu egin dute, eta hasieratik zegoen pilotariak txapelketa bertan behera utzi ezean ezingo dutejokatzen jarraitu.
Asegarceren aldetik zalantza bakarra zegoen argitzeke, eta ez zen ustekaberik egon, Iñigo Leizak osatuko du aurrelari laukotea. Ekaitz Saralegik aukeraren bat izan zezakeela barreiatu zen arren Asegarcek ere ez zuen arriskatu. Faboritoen dantzan, ostera, pilotari gehienek biren alde jo zuten: Martinez Irujo-Goñi III.a eta Olaizola I.a-Beloki. Alboan Bengoetxea VI.a-Ruiz eta Olaizola II.a-Otxandorenak dirudite ezusterako hautagai nagusi.
LIGAXKA FINALERDIETAN. Antolakuntza eta diseinuan ez da aldaketarik handirik egon. Aurreneko partida ostiralean jokatuko dute, eta finala martxoaren 18an edo 25ean. Lehen faserako iazko ligaxka eredu berdina aukeratu dute. Bikote bakoitzak beste enpresako lau bikoteen aurka jokatuko du, eta emaitzen arabera eratuko da sailkapena.
Final-laurdenetan bi enpresetako bikoteak nahastuko dira, eta sailkapen bakoitzeko aurrenekoek beste enpresako laugarrenen aurka jokatuko dute, eta bigarrenek hirugarrenen aurka. Kanporaketan bi partida irabazi beharko dira aurrera egiteko. Txapelketaren diseinuko berrikuntza nagusia finalerdiak dira, kanporaketen ordez ligaxka bidez erabakiko baitira. Ligaxkak txapelketa luzatu egingo du, pilotarien nahien aurka. Ondorioz finala jokatzen duten bikoteek hamar edo hamaika partida jokatu beharko dituzte.
Txapelketa ostiralean hasiko da. Olaizola I.a-Belokik Gonzalez-Pascualen aurka jokatuko dute Tolosan. Larunbatean, berriz, bi partida jokatuko dira Bergaran, Chafee-Eulatek, Leiza- Zearraren aurka jokatuko dute. Iruñeko Labriten, berriz, Titin-Lasa izango dira Bengoetxea-Ruizen aurka ariko direnak. Lehen jardunaldia igandean bukatuko da: Irujo-Goñik Olaizola II.a-Otxandorenaren aurka jokatuko dute Tolosan.
parte-hartzaileen iritzia
«Txapelketa parekatua da, ez dut faborito garbirik ikusten»
JUAN MARTINEZ IRUJO
Aspeko aurrelaria
«Bikote guztiak iruditzen zaizkit indartsuak, ez dut faborito garbirik ikusten. Maila handiko txapelketa antolatu dute, oso parekatua. Ni behintzat ezin naiz kidearekin kexatu Fernando atzelari bikaina baita eta elkar oso ondo ezaguzten dugu. Finalerdietarako kanporaketak nahiago nituen».
«Irujok eta Goñik osatzen dute bikote indartsuena»
RUBEN BELOKI
ASEGARCEKO ATZELARIA
«Txapelketa orekatua iruditzen zait, Irujo-Goñi III.a da bikote indartsuena eta nik eta Asierrek lanak eman ditzakegu. Txapelketaren bukaeran ez dut ezusterik espero, litekeena da txapela bi edo hiru bikoteren jokoa baino ez izatea. Finalerdietan kanporaketa ligaxka baino gehiago gustatzen zitzaidan».
«Hirugarren partidarako jokatzeko moduanegon nahiko nuke»
IVES SALABERRI 'XALA'
ASPEKO AURRELARIA
«Gerriko mina hor dago, baina oro har nahiko ondo ikusten dut neure burua. Goizago izan liteke, baina hirugarren partidarako jokatzeko moduan egon nahiko nuke. Txapelketan sartzen banaiz ondo nagoelako izango da, gauza serioa da,eta jokatzekotan nire maila eman dezakedalako izango da».
«Kazetari asko isilarazi ditut, niretzat ez da ustekabea izan»
OSKAR LASA
ASPEKO ATZELARIA
«Txapelketan sartu izana ez da ustekabea, ni urte osoan goian egon naizelako, eta bide batez hainbat kazetari isilarazi ditut. Niretzat oso garrantzitsua da txapelketan aritzea eta Titinekin jokatzeak ilusio izugarria egiten dit. Esperientzia askoko bikotea gara eta hori oso garrantzitsua txapelketan».
«Enpresa bakoitzak nahita osatu dubikote indartsu parea»
OIER ZEARRA
ASEGARCEKO ATZELARIA
«Argi dago enpresa bakoitzaren helburua txapela irabatzea dela, eta horretarako bakoitzak bikote indartsu bat edo bi batu ditu. Iñigo eta nire kasua ez da hori, eta aurten bikote bat ikusten dut besteengandik gorago dagoena. Artean gure helburua lanak ematea izango da, eta ahal bada baita ezusteren bat ere».
«Hasierako ligaxka ondo datorkit, sasoia hartu ahal izateko»
ASIER OLAIZOLA
ASEGARCEKO AURRELARIA
«Belokirekin egokitu zait eta gustura nago, baina beste edozeinekin ere ondo nengoke. Joko aldetik maila ona eman dezakegula uste dut, baina hori ikusteko dago. Azken aldian eskuetako arazoekin nabil, gutxi jokatu dut; halere txapelketa luzea niri ondo datorkit, apurka-apurka sasoia hartu ahal izateko».
«Edozein bikoterekin jarrita ere Juan betiizango da faborito»
FERNANDO GOÑI
aSPEKO ATZELARIA
«Hau da txapelketa garrantzitsuena niretzat eta gustura nago eginiko prestaketarekin. Hasi aurretik pozik nago, Juanekin arituko naizela jakitea albiste ona delako. Edozeinekin jarrita ere Juan beti izango da faborito, baina horrek ez du ezertarako balio, hemen lan asko egin beharra baitago oraindik».
«Aurrelaria aldatuko dizutela jakitea eragozpen handia da»
PEDRO MARTINEZ EULATE
ASPEKO ATZELARIA
«Oso zaila izango da txapela berriz ere janztea, faboritoak beste batzuk dira, horretarako Irujo eta Aimar daude. Hirugarren partidan aurrelaria aldatuko dizutela jakitea eragozpen handia da prestaketarako. Baina, tira, zoritxarrez hala gertatu da eta final-laurdenetara ahalik eta sasoi hoberenean iristen saiatuko naiz».