Arrosaren izenean

Pasai Donibanek irabazi du KAE 1 ligako lehen estropada, Donostian, eta faboritoetako bat dela erakutsi du

Aitor Manterola Garate.
2009ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
KAE 1eko entrenatzaile askoren ustez, Pasai Donibane da Astillero ahaltsuaren atzetik ibiltzeko hautagai nagusia. Koska bat gorago dago Isuntza, Santurtzi, Camargo eta Orio B-rekin alderatuta. Ez dabiltza gaizki entrenatzaile horiek, atzo baieztatu egin baitziren beren usteak. Pasaitarrek irabazi zuten KAE 1 ligako lehen estropada, II. Kaiarriba Bandera, Donostian. Traineruaren popa erakutsi zieten Isuntzari, Astillerori, Santurtziri eta gainerako guztiei.

Aurreneko begiratu kolpean, ezustea da Astillerok ez irabaztea. Bera delako beste guztien gainetik dagoen ontzia. Atzo bigarren ere ez zuen egin. Hirugarren sailkatu zen. Baina emaitza horrek badu azalpena. Aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa ari dira jokatzen Sevillan (Espainia), eta hantxe dira espainiarren arraunlari onenak. Atzo klubeko arraunlari batek esan zuen moduan, Astillero B lehiatu zen Donostian. Ederki baliatu zuen aukera paregabea Pasai Donibanek, eta bera da KAE 1 ligako lehen liderra.

Bigarren txandan lehiatu ziren Igor Makazagak gidatzen dituen arraunlariak. Santurtzi, Donostiarra eta Portugalete zituzten lehiakide. Borroka estuan jardun zuten santurtziarrekin, baina azkenean nagusi izan ziren. Hamahiru segundoko tartea izan zen bi ontzien artean. Lehen txandan garaile Isuntza izan zen eta haren denbora hamar segundoan ondu zuten pasaitarrek. Sekulako lan ederra egin zuten Josu Aboitizen arraunlariek. Astillero zuten alboan, eta lehen hiru luzeetan espainiarrak aurretik ziren, baina azkenekoan lekeitiarrak gailendu ziren. Segundo eskaseko tartea besterik ez zen izan bien artean. Hirugarren txandakoen lana gelditzen zen, eta pasaitarrek Camargori begiratzen zioten, bandera kentzeko aurkari arriskutsuena zelakoan. Baina usteak erdia ustel. Espainiarrak tokitan gelditu ziren Pasai Donibaneren denbora hobetzetik, eta, gainera, Orio B-k irabazi zuen txanda. Gazteak dira, baina sekulako gosez daude, eta atzo txandako onenak izan ziren. Hala ere, estropada irabazi zutenengandik urrun gelditu ziren, 26 segundora.

Gaur jokatuko da bigarren estropada, Zumaian, 12:00etan (ETB1). Atzoko sailkapenaren arabera osatuko dira txandak. Aurrenekoan Ondarroa, Portugalete, Hondarribia B eta Busturialdea aterako dira; bigarrenean, Zierbena, Donostiarra, Camargo eta Orio B; eta hirugarrenean, Santurtzi, Astillero -bihar ere onenak falta dituela-, Isuntza eta Pasai Donibane. Azkeneko txandako partaideren batek irabazi beharko lukebigarren Ambilamp bandera. Zumaiako ohiko eremuan jokatuko da estropada. Beraz, olatuek albotik joko dituzte traineruak.

Getaria-Tolosa emakumeetan

Emakumezkoen estropada ere jokatu zen atzo Donostian, eta Getaria-Tolosa nagusitu zen (11.35), Zumaia (12.03) eta Astilleroren (12.50) aurretik. Gaur ere lehiatuko dira, Zumaian, 11:30ean (ETB1), eta, hiru ontzi horiez gain, Bizkaiko selekzioa ere ariko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.