Iñaki Artola Buruz Buruko txapelketako finalerdietarako sailkatu da. Alegiarrak ikuskizuna eman du gaur Bizkaia pilotalekuan, eta Mikel Urrutikoetxeari aise gailendu zaio (7-22). Datorren larunbatean Beñat Rezustaren aurka jokatuko du Iruñeko Labriten.
Irabazten hasi da Urrutikoetxea (2-0), baina hortik aurrera Artola nagusi izan da kantxan. 4-13 jarri da aurretik, eta ia erabakita utzi du lehia ordurako. Lehia berdindua espero zen bi pilotari horien artean, baina denean gailendu zaio gipuzkoarra bizkaitarrari, eta ez du une batean ere neurketari buelta emateko imintziorik egin Urrutikoetxeak.
Gauzak hala, erabakita daude aurtengo Buruz Buruko txapelketako finalaurrekoak. Batetik, lehen aipatu bezala, Rezustak eta Artolak jokatuko dute elkarren aurka, eta, bestetik, Zabaletak eta Altunak jokatuko dute datorren igandean, Bizkaia pilotalekuan. Finala ere Bilbon izango da, ekainaren 13an.