Artxanko: «Harreman bikaina daukagu Athleticekin»

Osasunako presidenteak zehaztu du zaleek eta ikuskatzaileek «beste portaera» bat dutela

Miguel Artxanko. IDOIA ZABALETA / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Athleticek eta Osasunak derbia jokatuko dute igande honetan, 18:00etan, San Mamesen. Zelaian eta harmailan giro beroa egongo da. Ez, ordea, palkoan, Miguel Artxanko Iruñeko taldeko presidenteak atzo esandakoa kontuan hartuz gero. «Harreman bikaina daukagu Athleticekin. Bazkaltzera joango gara, eta ziur bazkari ona jartzen digutela, aurreko urteetan egin duten bezala. Gero neurketa hasiko da, eta txikitu nahiko gaituzte, guk haiek bezala», aitortu zuen Artxankok.

Athleticen eta Osasunaren arteko harremana gorabeheratsua izan da azken urteetan. Talde zuri-gorriak behin baino gehiagotan jo du Taxoarera jokalari bila, eta horrek etxeko taldea sutu du; horrenbeste, Patxi Izko aurreko presidenteak harremanak eten egin zituen Athleticekin. Egoera, baina, baretu egin dela dirudi. Hala ere, Artxankok atzo ez zuen aukera galdu Athleticek daraman fitxatze politikari harritxo bat botatzeko. «Zaleek eta ikuskatzaileek beste portaera bat dute, baina gu bikain moldatzen gara elkarrekin», zehaztu zuen .

Athleticek dituen kirolaz kanpoko eztabaidek mesede egin diezaioketen galdetuta, Artxankok azkar aldatu zuen gaia. «Nik ez dakit non dauden nahasita urak. Nahikoa dut nik Arga ikusita».

Zuri-gorriek eta gorritxoek 35 aldiz jokatu dute elkarren aurka Ligan San Mamesen: 20 aldiz irabazi dute etxekoek, seitan bisitariek eta bederatzi berdinketarekin amaitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.