ATLETISMOA

Asier Martinez, 110 metroko hesiduneko finalerdietara

Euskal herritarrak nagusitasunez irabazi du kanporaketa. «Garesti egongo da finalean egotea, baina amets egin daiteke».

Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 3a
12:36
Entzun

Asier Martinez euskal herritarra 110 metroko proba hesiduneko finalerdietarako sailkatu da, kanporaketa nagusitasunez irabazi ondoren. 13,32ko denbora egin du 21 urteko iruindarrak. Finalerdiak asteazkenean jokatuko dira, Euskal Herrian 04:00ak direnean.

Denboraldi bikaina egiten ari da Martinez, eta Olinpiar Jokoetako kanporaketan erakutsi du sasoi betean heldu dela Tokiora. Zazpigarren kaletik korri egin du, eta, ohi bezala, ez da ondo atera. Baina lasterketaren erdirako burura iritsi da, eta horri eutsi dio helmuga igaro bitartean. Martinez bere marka onenetik (13,31) ehunen bakarrera geratu da.

Lasterketaren ondoren hedabideei adierazi dienez —tartean BERRIAri—, finalerako sailkatzeko, finalerdietan egin beharko du «hanketan» duen marka. «Zergatik ez? Posible da. Garesti egongo da, baina amets egin daiteke. Bihar [asteazkenean] erakutsi behar da». Nolanahi ere, nahiago du «zuhurra» izan. «Orain atseden hartzea dagokit, hankak eta burua lasaitzea».

Kanporaketa aztertu du, eta nabarmendu irteera, ez oso ona, «ohikoa» dela haren lehiatzeko moduan. «Baina egoera kontrolatuta zegoen, taldetxoan nengoelako. Eta ondo kokatuta iritsi naiz nire indargunera, azken hesietara». Onartu du «urduri» zegoela —aurrenekoz ari da Olinpiar Jokoetan parte hartzen—, «oso urduria» dela berez, baina ahalegintzen dela itxura lasaia ematen.

Denboraldi bikaina

Europako 23 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen Martinezek uztailean Tallinnen, eta joan den martxoan laugarren sailkatu zen pista estaliko Europako Txapelketako 60 metroko hesidunean. Egiten ari den denboraldiaz galdetu diote nafarrari, eta adierazi du oraindik ez duela eduki egiten ari dena baloratzeko denbora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.