Zenbat kilo kendu dituzu, Sebas?» Galderak barrea azaleratu dio aurpegian. «Zergatik galdetzen duzu? Batzuk, gutxi». Barreak sentimenduak ezkutatzen ditu maiz, eta askotan, egiak. Goitik behera begiratu eta galdera bueltan, «bost bat bai gutxienez, agian gehiago». Erantzuna: «Ez, ez, hiruzpalau, orain 87 kilo ingurutan ibiliko naiz, eta txapelketa 85 ingururekin bukatuko dut». Normalean 90 kiloren bueltan ibiltzen den pilotari batentzatbada aldea, baina gehiago dirudite. Aldagelan ikusten duten enpresako beste kide batzuek ere esaten dute, inoiz baino argalago dago. Lau t'erdirako prestaketa zorrotza egin du, eta aurpegi eta lepo aldeak findu zaizkio. Kiloena ez du onartzen, bai, ordea, prestaketa gogorrarena. «Kiloak galtzea asko nabaritzen dut lau t'erdian jokatzean, askoz arinago mugitzen naiz, askeago».
Azkaindarrak ez du sekreturik gorputza fintzeko: «Jana zaintzen dut, jaten eta edaten dudan guztia. Ez da dieta berezirik, jan normala, baina zainduz, txorizo eta halako gutxi, eta lagunekin irtetean pasa gabe. Eta hori bai, entrenamendu gogor asko». Laurent Terrien prestatzaile fisikoak diseinatu zituen Gonzalezen koipea irentsi duten ariketak. Terrien, bere garaian, Nathalie Tauziat tenislariaren prestatzailea izan zen, eta baita Iñaxio Errandonearena. «Nik bi final jokatu nituen bere prestaketa fisikoarekin», gehitudu Aspeko zuzendari komertzialak. Astelenako harmailetan dago eserita, azkaindarraren alboan.
Jatun ona da Gonzalez, baina badaki kaiolan sartu aurretik ahoa itxi behar duela. Prestatzea lan zaila da berarentzat, urteko hilabete gogorrenak dira, pisu mailaz jaitsi nahi duen boxeolari bat bezala. «Iaz ere antzera prestatu nuen, eta berdin argaldu nintzen. Niretzat lau t'erdian jokatzea gogorrena da, ni gorpuzkera astunekoa bainaiz, eta prestaketa oso gogorra da. Benetan diot, lan fisiko asko egin behar izan dut». Terrienek diseinaturiko prestaketak bi eszenatoki ditu normalean: Miarritzeko kiroldegia, oso gutxitan, eta Azkaineko ezker-pareta gehienetan. «Lan fisikoa ere pilotalekuan egitea gustatzen zait, non hobe han baino?». Panpi Ladutxerekin ere ohitura hori zuen.
Zirkuitu eta ariketek, hezur haragizko aldamioa arintzeaz gain, mugikortasuna hobetzea dutehelburu. Gonzalezek dioenez, ahaleginak merezi du, are gehiago behin finalerdietako ligaxkan sartuta. Halere, berriki lortu du sasoi onenera gerturatzea. «Barriolaren aurka ez nintzen sasoi bete-betean sentitu Titinen aurkako partidaren bukaerara arte ez dut neure burua ondo ikusi». Iazko ligaxkan maila bikaina erakutsi zuen, eta oinarrian fisikoa zegoen. Gonzalezek, baina, nahiago du ez alderatu. «Ez dakit zertan nengoen hobe, urtebete pasa da, denbora asko da. Gero ere pilotalekuak, pilotak... dena da desberdina».
Argaldu da, baina indarrean ez du nabaritu. «Ez dut kolpe beherakadarik sumatu, arinduta ere berdin mugitzen dut pilota». Txapelketaren bukaeran are argalago egongo da, eta gero etorriko da binakakorako karga berreskuratzeko unea. «Hori errazagoa da, eta Gabon inguruko afari bazkariek lagunduko didate, kar, kar...».
Bestalde, Azkainekoak eta Irujok pilota astunak aukeratu zituzten igandeko lau t'erdiko finalerdietako partidarako. Iberokoak 106,6 eta 106,9 gramokoak hautatu zituen. Gonzalezek, berriz,106,5 eta 106,7 gramokoak. Biek piloten ezaugarriak aldatuko diren beldurra onartu zuten, atzo hotz asko egiten baitzuen Astelenan, eta partidan beroa egingo du. Harmailak ez dira beteko, baina sarrera ona espero da. Apustuak Irujoren alde irtengo dira.
Askatasun gramoak
Sebastian Gonzalezek bizpahiru kilo galdu dituela dio, baina begiratuta, gehiago direla nabaritzen da. Lau t'erdian sasoi betean egoteko gorputza arintzea erabaki du, jana zaindu eta ariketa gogorrak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu