Botila nola dago, erdi beterik, edo erdi hutsik? Nondik begiratzen zaion da koska. Baskonia Buesa Arena pabiloia bezala dagoela esan genezake, erabateko berrikuntza prozesuan eta kupula erraldoiak ematen zion babesik gabe. Ez noraezean ari delako, taldearen osaketa mantso doalako baizik. Buesa Arena berriaren eraikuntza bezalaxe. Baskoniaren orubea, ordea, ez dago hutsik. Egia da pieza, oinarri sendoak falta direla, baina taldeak dituen osagaiak ez dira txarrak.
Baskoniak hamar jokalari ditu kontratupean gaur-gaurkoz. Zortzik taldean jarraitzen dute: Huertas, Oleson, Logan, Pau Ribas, San Emeterio, Teletovic, Bjelica eta Musli. Beste biak fitxaketak izan dira: Thomas Heurtel joko antolatzaile frantziarra eta Maciej Lampe pibot poloniarra. Ez da multzo txarra, baina gauzak ondo, zerrenda horrek aldaketa dezente izango ditu abuztua bukatu bitartean, taldeak denboraldi-aurrea hasi aurretik.
Izan ere, etorrerei adina garrantzi ematen diete irteerei Josean Kerejetak eta bere taldeak. Neurria eman ez dutenei atea irekitzeko batere beldurrik ez dutela erakutsi dute Zurbaoko pabiloiko jabeek, eta Stanko Barac eta Esteban Batistarekin hartutako erabakiek argi erakutsi dute beste behin inor gutxi dagoela taldetik at geratzeko arriskutik salbu. Brad Oleson eta David Loganen etorkizuna Gasteizen egongo den edo ez, ez dago argi. Olesonek dirutza handia jasotzen du, bere zenbakiek merezi dutena baino handiagoa, eta soldata jaisteko eskatu dio taldeak. Logan, berriz, taldetik at ikusi nahi lukete zuzendaritza taldekoek, bai utzita, bai salduta. Baina haren soldata zazpi zenbakikoa da urteko, eta talde gutxik dute dirutza hori bizkar gain hartzeko gaitasuna. Pau Ribasek, aldiz, kontratua luzatu du 2015a arte, soldata jaistearen truke.
Bestelakoa da Marcelinho Huertasen kasua. Udako merkatuko jokalari kotizatuenetakoa da brasildarra, eta Baskoniak eskaintza mamitsuak jaso ditu jokalaria saltzeko. Interes asko daude jokoan: taldeak ahalik eta diru kopuru handiena bildu nahi du, Huertasek ez zuelako etete-klausularik adostu Gasteizera etorri zenean. Jokalariak, bere aldetik, soldata ona eta kirol proiektu gaindiezina hobesten ditu: Bartzelona. Efes Pilsenek ere muturra sartu du, eta 800.000 euro eta Miroslav Raduljica pibota utzita eskaini ditu. Baskonia eskaintza hori onartzeko prest litzateke, Istanbulgo taldeak Raduljica erosteko aukera emango balio. Baskoniak du aginte makila, eta bere helburua lortzen badu bakarrik libratuko du Huertas. Komeni taldeak Barac saltzeagatik 1,2 milioi euro jaso zituela gogoratzea, pasa den urteko aurrekontu guztiaren %8 inguru.
Huertasen salmentak finkatuko ditu hurrengo mugimenduak. Huertas saltzen bada, funtsezkoa izango delako lehen mailako beste joko antolatzaile bat ekartzea, eta pibotaren hutsunea Raduljicak osa dezakeelako —nahiz eta atzo iluntzean Milko Bjelica fitxatu zuten—. Baskonia merkatuan mugitzen den bezala mugituta, oso zaila da zein jokalariren arrastoan dabilen jakitea. Thomas Heurtelen fitxaketa jakina zen, pasa den sasoian ere saiatu zirelako fitxatzen. Baina Maciej Lamperen etorrerak ezustean harrapatu ditu aurreikuspen bat edo beste egin zuten guztiak. Kiniela guztiak begiratu, eta inon ez zen agertzen poloniarra.
Izen asko dabiltza dantzan, baina zein daude Kerejetaren agendan gorriz markatuta? Asmatzen duena, aberats! Postuz postu, hainbat izen entzuten dira. Marko Popovic joko antolatzaile jardunerako; eskolta postuan, sorta handia: Igor Rakocevic Baskoniako jokalari ohia, eta bi Martynas, Gecevicius eta Pocius, lituaniarrak biak —azken hori Real Madrilera joan da—; hegalerako ere bi izen daude: James White estatubatuarra, eta Vladimir Dasic Montenegrokoa. Azken hori Erromako Lottomatican ari da Real Madrilek utzita, eta zaila dirudi Madrilgo taldeak aurkari zuzen bati opari hori egitea.
Milko Bjelika, bi urterako
Pibotei dagokienez, atzo arte izen bakarra zebilen bueltaka: Kyrilo Fesenko. Ukrainarra NBAn ari da, Utah Jazzen, baina oso zenbaki apalekin. Fesenko Kerejetaren aspaldiko helburua da, eta atzo arte bazirudien beste ahalegin bat egitekotan zirela. Baina atzo iluntzean Milko Bjelica pibota fitxatu dutela jakinarazi zuen klubak. 27 urte dauzka, 2.07 metro da luze, eta azken hiru sasoietan Lietuvos Rytasen aritu da.
Espioitza pelikuletan bezala lan egin behar da Baskoniaren inguruan, atzo iluntzeko albistea testigu. Kerejeta aztia delako, eta jakitunetan jakitunena aho bete hortz uzteko gai delako. Talde lehiakorrak puskatu dizkiote Baskoniari uda batean bai, eta hurrengoan ere bai; batzuetan NBAko taldeek, besteetan Europako talde aberatsenek, milioi zakua erabiliz. Gasteizko taldea, ordea, beti izan da elitean mantentzeko gai. Ezerk ez du adierazten uda honetan gai izango ez denik.
Asko falta du, ez dauka gutxi
Baskonia uda guztietako berrikuntza lan zailean murgilduta dago, baina oinarri sendoa du. Hegal pibotaren eta joko antolatzailearen auzia geratzen dira argitzeko. Pibota fitxatu dute: Milko Bjelika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu