Beste kontu bat da. Begirale izateko beste modu bat. Antza du, baina ardura handiagoa da. Chelseak 23 begirale ditu munduan barreiatuta, eta, duela zazpi hilabete arte, Juan Sol elgoibartarra horietako bat izan zen. «Plazera izan zen, baina taldeko kirol azpiegitura aldatu eta kanpoan utzi ninduten. Dena den, ohore bat izan da horrelako talde batentzat lan egitea».
Valentzian bizi da atzelari ohia, eta handik Espainiako Ligako taldeen behe maila guztiak zelatatu zituen lau urte eta erdiz. Sei partida eta sei txosten astero, gora eta behera hegazkinean. «Denetarik ikuskatu behar nuen: haurrak, gazteak, helduak... Askotan, halaber, atzerrira joan behar nuen beste begirale batek gomendaturiko jokalari bat aztertzera». Bere jardunean, Roman Abramobitx ezagutzera iritsi zen, eta taldeak duen azpiegitura profesionala nabarmendu du. «Talde handia da, aberatsa. Futbolari baten bila joan aurretik jarraipen oso zehatza egiten du. Beti asmatzen du».
Hor datza gakoa. Jokalari oso onak kostata pasatzen dira oharkabean, eta talde handi guztiek nahi izaten dituzte. «Horregatik diot beti asmatzen duela; kontua da jokalari hori lortzea, beste talde handiak ere atzetik izaten dituelako. Ez dut ukatuko amorrua ematen duela jokalari baten alde asko egin eta ikustea beste talde batera doala. Baina beste talde batean bada ere, ondo ari dela ikustean badakizu ondo egin zenuela hautua».
Horren jokalari onekin aritzean, ordezkariak agertzen dira. «Gurasoak ezagutzera irits zaitezke, baina dena ordezkarien bitartez egiten da. Edozein txapelketatara joanez gero, harmailak ordezkariz eta begiralez beteta egoten dira». Solek ez du dominarik nahi, baina ez du ezkutatzen sumatu izan zuen satisfazioa bere apustu pertsonal bat ondo jokatzen ikusi izan duenean. Bukatzeko, beste begiraleek egin bezala, etorkizunerako apustu batekin ausartu da. «Bartzelonako bi jokalari gertutik jarraitu nituen. Thiago Alcantara lehen taldean da; bada, haren anaia: Rafinha. Hura are hobea da».
Asmatzea ez denean arazoa
Juan Sol elgoibartarra lau urtez izan da Chelseak munduan barreiatuak dituen 23 begiraleetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu