Athleticek orain hiru hilabete irabazi zuen azken aldiz etxetik at. Colombinon beste aukera bat izango du
HARITZ GALLASTEGI
Bilbo
Hiru hilabete igaro dira Jose Manuel Esnal Manek zuzentzen duen taldeak etxetik kanpo azkenengo aldiz irabazi zuenetik. Hiru hilabete igaro dira Athleticek Anoetanirabazi zuenetik. Emaitza bolada onean hasi zuen bigarren itzulia talde zuri-gorriak. Halere, jardunaldiak jokatu ahala indarra galdu du etxetik urrun. Egungo Athleticek konfiantza barik jokatzen du etxetik kanpo. Sasoi bateko estrategiak ez du emaitza onik ematen. Defentsan sendo egon eta aurkariaren antsietatea baliatzen ahalegintzen ziren Maneren mutilak. Orain, ordea, zuri-gorriak dira urduri daudenak.
Liga amaiera apur bat lasaiagoa izateko Colombinon irabazteko esperantza dauka Athleticek. Horretarako, bi aldaketa egingo ditu entrenatzaileak. Prieto eta Urzaiz izango dira berritasunak. Halere, bi jokalariek ez dute talde guztia aldatuko. Talde guztiak aldatu behar du jarrera. Garaipen gosea erakutsi behar du hasieratik.
Recreativok erakutsi du garaipen gosea. Athleticen kontrako egoeran dago Huelvako taldea. Bere historiako denboraldirik arrakastatsuena egiten ari da. Sasoi hasieran mailari eustea zentaldearen xedea. Dagoeneko bermatuta dauka datorren sasoian Lehen mailan jokatzea, baina gehiago gura du. UEFA kopa jokatzeko aukera ematen duten postuetan dago. Txartela ez galtzeko, etxean erakutsi duen sendotasunarekin jarraitu gura du. Athleticek dauka hori ekiditeko aukera.
Bi taldeetako golegileak
AURRELARIAK PARTIDAK MINUTUAK GOLAKUche 25 partida 1756 minutu 8 gol
Sinama Pongolle 28 partida 1719 minutu 10 gol
Urzaiz 27 partida 1483 minutu 7 gol
Aduriz 29 partida 2049 minutu 6 gol
Bide ezberdinak, helburu bera
Athleticek Urzaizen indarra baliatu gura du Recreativo mendean hartzeko. Huelvako taldeak, berriz,Sinama Pongollereneta Ucheren abiaduraaprobetxatu nahiko du.
H. GALLASTEGI
Bilbo
Athleticek eta Huelvako Recreativok xede berbera dute Colombinon jokatuko duten partidan: irabaztea. Etxekoek Europarako txartela eskuratzea dute xede. Zuri-gorriek, ostera, azken porrot mingarri biak lehenbailehen ahaztu eta salbaziorako beste urrats bat egitea. Neurketa guztietan dago puntuak eskuratzeko premia eta sasoi bukaeran are eta gehiago.
Helburu bera izan arren, talde batek eta besteak hartuko duten bidea erabat ezberdina izango da. Manek zuzentzen duen taldeak joko zuzenaren aldeko apustua egingo du. Athleticek zuzen eta goitik jokatuko du. Recreativori min emateko era egokiena dela iritzi dio teknikari zuri-gorriak. Talde espainiarreko erdiko atzelariek zailtasunak dituzte jokalari altuak zaintzeko orduan. Goiko jokoa ez da euren ezaugarri onena. San Mameseko partidan argi eta garbi ikusi zuen Manek. Athleticek erraz hartu zuen mendean Recreativo. Neurri handi batean Ismael Urzaizen lanari esker eskuratu zuen garaipena. Tuterako aurrelariak gol bi sartu zituen, eta nagusi izan zen norgehiagoka osoan. Beraz, Colombinon, hasieratik jokatuko du. «Aurkariari min emateko erabil daitekeen edozein arma da interesgarria. Lehen itzulian garaipen garrantzitsua eskuratu genuen, eta taldearen dinamika aldatu ahal izan genuen», adierazi zuen Ismael Urzaizek.
Tuterako jokalari beteranoa hasieratik zelairatzeak ez du esan gura Athleticek erraz hartuko duenik mendean Recreativo. Urzaiz goitik jokalari aparta dela jakinekoa da, baina harekin jokatzen jakin egin behar da. 40 metroko paseekin ezin da minik egin. Aurkari ahulenari ere ez. Beraz, Athleticeko hegaleko jokalariek erronka gogorra izango dute. Adurizek -Etxeberria ordezkatuko du, elgoibartarrak gastroenteritisa duelako- eta Gabilondok sarri hartu beharko dute parte jokoan. Barneraldi onak egin beharko dituzte eta barneraldien mailakoak izan beharko dira erdiraketak. Bestela, ez du ezertarako balioko Urzaizen jokoak. Estrategia jokaldi soiletan baino sarriago eman behar dio errematea egiteko aukera Athleticek.
Athleticek laster 36 urte beteko dituen futbolari baten bizkar gainean utzi du Recreativo mendean hartzeko ardura nagusia -hausnarketa sakon bat egiteko moduko kontua da-. Recreativon, berriz, gazte bi dira taldearen pisua eramaten ari direnak: Sinama Pongolle eta Ikechukwu Uche. Gazteak dira eta futbol gosea dute -Urzaiz beteranoa da baina ez du ilusiorik galdu-. Bide luzea geratzen zaie aurretik eta gauza asko egin gura dituzte futbolean. Lehen pausoa eman dute. Talde apal bat punta-puntara eraman dute. Eurek eta gainerako taldekideek, baina bi aurrelariak izan dira Marcelino entrenatzaileak ezarri duen joko sistemari indarra eta emaitza onak emateko arduradunak. «Aurrelari biak dira taldearen oinarria. Indartsuak eta azkarrak dira», azaldu zuen Gabilondok.
Pongolle Liverpooletik etorri da. Anfieldeko taldean lekurik ez zuenez, Recreativora joatea erabaki zuen frantziarrak. Ez du huts egin. Maila oneko jokalaria dela erakutsi du. Azkarra eta erabakigarria da. Hamar gol sartu ditu. Recreativo lau milioi euro ordaintzeko prest dago frantziarrak Huelvan jarraitzeko.
Pongolleren ondoan Uchek jokatzen du. Nigeriarra ere denboraldi aparta egiten ari da. Pongollek baino gehiago jokatu du, eta bi gol gutxiago sartu ditu. Gola sartzeko aukera duenean ez du aukera pasatzen lagatzen -iazko sasoian hiru hilabete egon zen min hartuta, halere, Bigarren Mailako golegilerik onena izan zen-. Datorren denboraldirako Getafek fitxatu omen du. Bien artean eraman dute Recreativo sailkapenaren gorenera. Espainiako Ligan aurrelarien eraginkortasunak erabakitzen du talde bakoitzaren sailkapena. Erasoko jokalari onak dituzten taldeek partida asko irabazten dituzte. Beste talde askok, berriz, lan berbera egin arren ez dute sari bera eskuratzen. Talentua falta zaie horiei. Bada, Athleticek, egun, ez ditu horrelako jokalari bi. Beharbada, hor egongo da bi taldeen artean dagoen aldea.
Pongollek eta Uchek golak sartu eta goleko aukerak sortzen dituzte. Horrelakorik gerta ez dadin, Manek Luis Prieto zelairatuko du. Dimoztarra azkarra eta indartsua da, Pongolle eta Uche zaintzeko zuri-gorriek duten erdiko atzelaririk egokiena. Prietok aintzat hartzen ditu bi aurrelariak, baina, haren ustez, Recreativo bi jokalari baino askoz gehiago da. «Talde lana da Recreativoren indarra».