Pozik dago aurrelari donostiarra, taldea zein bera martxa hartzen ari direla uste baitu. Bolada onari eutsi nahi dio orain, kosta ahala kosta.
Xabier Lopetegi
Donostia
Esfortzu probak egin ostean erantzun die galderei Iñigo Diaz Zeriok. «Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago moldatzen zara horrelako probetan. Atletak bezala, askotan oso ondo sentitzen zara eta bikain egiten dituzu, baina beste askotan okerrago. Jokatzen ari zarenean errazagoa da ondo aritzea, sasoiko zaudelako». Hiru proba egiten dira: jauzia, abiadura eta erresistentzia. «Azken horretan Larrea ibiltzen da beti aurrean, Mikel Alonsoren lekukoa hartu du».
Jokoan izan diren azken hamabi puntuetatik hamar lortu dituzue. Pozik?
Bai. Gaizki hasi ginen eta ematen du buelta eman diegula emaitzei behintzat. Helburua goian sartzea zen, lortu dugu, eta ea orain bukaera arte eusten diogun hor.
Hemendik aurrera ikusiko da taldearen benetako neurria?
Ez dago jakiterik. Orain artekoa ez da batere erraza izan. Atzean sartzen diren taldeak ez zaizkigu komeni. Partidarik ez dugu irabazi gol bat baino gehiagoko aldearekin. Hor ikusten da Bigarren Maila oso gogorra dela. Talde guztiek irabaz dezakete. Hemen Elxek askorik ez zuen egin eta gero Celtari eta Gimnastici irabazi zien.
Askorentzat sari handiegia lortu duzue egin duzuen jokorako.
Etxean bi partida jarraian galdu ostean emaitzak ziren garrantzitsuena. Ez pentsa partida eder asko ikusiko direnik. Beste futbol mota bat da Bigarren Mailakoa, fisikoagoa. Jokatzeko garaian nabaritzen da.
Albaceteren aurkako partida nola bizi izan zenuen?
Oso zaila izan zen. Hutsean bukatzeko partida proposatu zuten. Saiatu ginen, baina hamar jokalari zeuzkaten baloiaren atzetik eta horrelako partidak askotan joaten zaizkigu kontrako eztarritik. Joan den sasoian galtzen genituen partidak dira, baina orain irabazi egin ditugu horietako batzuk. Hori da garrantzitsuena.
Zergatik galdu zenuten kontrola aurretik jarritakoan, beste askotan bezala?
Normala zen sufritzea, gola sartu eta atzean sartu ginen, baina egia da partidak erabakitzea kosta zaigula. Elxeren aurka ere, aise irabazteko lehian, asko sufritu genuen. Horri buelta eman behar diogu, nola edo hala. Partidak biribiltzen ikasi b=b ehar dugu. Aukerak sortzen ari gara, baina baliatu egin behar ditugu hainbeste ez sufritzeko.
Zer moduz moldatu zara orain arte?
Hobetzeko aukera daukat, taldeak bezala. Bi gol sartu ditut eta gero eta hobeto sentitzen naiz. Toshackek idatzitako artikuluaren harira asko hitz egin zen, baina Colemanek konfiantza eman digu Gariri eta bioi, eta horrela dena da errazagoa. Aspaldian ez nituen bost partida jarraian hasieratik jokatzen.
Garirekin zer moduz?
Gustura. Zelaitik kanpo ere oso harreman ona daukagu. Zelaian, askotan esan digute elkarrengandik urruti gaudela, baina uste dut nahiko osagarriak garela. Berak baloi asko jaitsi eta ondo uzten ditu aurpegiz eta niri abiadura aprobetxatzea eta atzelariei bizkarra hartzea gustatzen zait. Ondo moldatzen gara elkarrekin. Emaitzak onak izan dira guk jokatu dugunean eta entrenatzaileak hori estimatu du.
Zuen lana asko goraipatu bada ere, bi gol sartu dituzue bion artean. Ez al da gutxi?
Baliteke. Garik, agian, ez hainbeste, baina nik gol aukera asko izan ditut, Las Palmasen, Elxen aurka... Batzuetan ez naiz fin ibili, baina garrantzitsua da hor aurrean agertzea eta taldeari laguntzea.
Azken boladan aurrelari gehienak atzerritarrak izan direla eta ezaugarri jakin batzuetakoak izan dituztela kontuan hartuta, zeure burua Realeko erasoaren erreferentzia izateko gai ikusten al duzu?
Nire helburua hemen urte askoan egotea eta partida asko hasierako taldean jokatzea da, baina, horretarako, hobetu egin behar dut. Badakigu aurrelari postua oso garrantzitsua eta zaila dela, normalean atzerritarrak izaten direla, baina ni tokia izateko borrokatuko naiz.
Hurrengo partida nola ikusten duzu?
Numancia oso indartsu dabil. Partida bakarra galdu du etxean. Gonzalo [Arkonada] ondo ezagutzen dut, badakit nola egiten duen lan eta seguru asko landutako eta ondo kokatutako taldea izango dela. Baina guk oso emaitza onak lortu ditugu etxetik kanpo eta, gainera, larunbatean jokatutako lau partidak irabazi egin ditugu [barrez].
Arkonadari buruz zer esan dezakezu?
Gauza onak. Aukera eman zidan Reala B-n jokatzen hasteko eta asko jokatzeko. Lehen Mailan ere berarekin hasi nintzen jokatzen. Gure artean ika-mika txikiak izan ditugu, normala denez, baina berarekin harreman ona daukat eta telefonoz hitz egiten dut tarteka.
Berari esker zaude zauden tokian?
Beharbada, bai. Zailena aukera edukitzea da askotan. Gero norberak erakutsi behar du balio duen ala ez, baina aukera berari eta Bakerori ere zor diet. Biek konfiantza izan zuten nigan. Beharbada, Bigarren B Mailan jokatzen arituko nintzen hala izan ez balitz.
Harrobiko aurrelari askok egin zuten debuta zuk baino lehen. Estutu al zinen?
Gezurrik ez dizut esango. Tarteka sentitu izan dut Realeko hamargarren aurrelaria naizela, baina onartu beharra dago. Horrelakoetan lanerako prest egotea da gakoa, Realean ez baldin bada, beste talde batean. Azkenean hemen izan dut aukera, eta asko pozten nau.
Denek onartu dute Reala mailaz jaitsi dela?
Uste dut denok eman diogula buelta jada. Denok gogoratzen gara Valentzian, Iruñean, Bartzelonan edo Getafen gertatu ziren gauzekin. Ezin dira ahaztu. Hor daude eta betiko egongo dira, baina pentsatu behar dugu denboraldi polita izan daitekeela, ospatzeko eta denok pozik bukatzeko modukoa. Ea ekainean edo lehenago, maiatzean, zer ospatu badugun. Hala ez balitz, oso etsipen handia litzateke niretzat.
Colemanekin zer moduz?
Oso ondo. Lehen egunetik baloia sartu zigun entrenamenduetan. Eskertzekoa da, garrantzi handia ematen dio gu gustura sentitzeari.
Iñigo Diaz Zerio, Realeko jokalaria
«Aspaldian ez nituen bost partida jarraian hasieratik jokatzen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu